Musika eskolako inbertsioak, Irureko urak, autobus geltoki aldaketa eta beste landu zituzten osoko bilkuran

Ubane Madera 2018ko mai. 10a, 17:00

Udalbatzarreko kideak botoa ematen.

Osoko bilkura mamitsua egin zuen atzo, eguaztena, udalbatzarrak. Zortzi puntu zituen gai-zerrendan eta guztiak aho batez onartu zituzten. Horrek ez du esan nahi, baina, erabateko adostasuna izan zenik ordezkari politikoen artean. Oposizioan dagoen EH Bilduk zeresan handia izan zuen. Bereziki, luze jardun zuten Errabal kalearen urbanizazioaren eta bertan aztertzen diharduten autobus geltoki aldaketaren gainean eta baita Irureko uren arazoaren gainean ere. 

Osoko bilkura puntuz puntu aztertuta, lehen puntuan ja hasi ziren EH Bilduko zinegotziak puntualizazioak egiten, alkatetzaren dekretuen berri ematean.  

Hasteko, Gure Esku Dago ekimenari ematen zaion urteko diru-laguntzaz aparte, zapatuan ospatu behar duen Klik Egunerako diru-laguntzarik eman ez izanagatik kritika helarazi zuen Unai Larreategik, EH Bilduko bozeramaleak.

Alkateak erantzun zion iaz 500 euro eman zizkiola Gure Esku Dagori eta aurten berdin egin dutela. 

Musika eskolarako 80.000 euro

Dekretuekin segituz, Iker Aldazabal alkateak jakinarazi zuen 2017ko likidaziotik 643.788 euroko gerakina duela Soraluzeko Udalak; eta horri 396.818 euro kendu behar zaiola iazko kreditu konpromisoetarako. Baina behin hori eginda, beste 246.969,90 euro geratzen direla “2018an ekintzak egiteko”. 

Hori horrela, jakinarazi zuen Udal Gobernuaren asmoa dela hortik 80.000 euroko partida bideratzea Musika Eskolako galdara zaharberritzeko eta eraikin osoko sistema elektrikoa aldatzeko, biak ala biak erabat zaharkituta daudelako. 

Beste 15.000 euro erabiliko dituzte amortizazio gastuei aurre egiteko. Eta beste 30.000 euro Atxuri 21eko eraikina botatzeko. “2018ko aurrekontuan 30.000 euroko partida gorde genuen horretarako, eta beste 30.000 euro hauekin, 60.000 euro guztira, etxera eraitsi ahalko da”, esplikatu zuen alkateak.  

Segurtasunerako kamerak 

Gerakin horretatik “soberan” geratzen diren 121.634 euroak sortu ahal diren beharretarako izango direla gaineratu zuen Aldazabalek, esplikatuz, Udal Gobernuak lehentasunezko izango dituela herriko jolasparkeak zaharberritzea (Ezozi bidekotik hasita); aztertzen dabiltzala skategunea ipintzea U-esparruan; herriko sarrera-irteerak zaintzeko kamerak ipintzeko asmoa dutela, “ikusita herrian egoten diren lapurretak” eta udalerriko hainbat puntu “txukuntzeko” asmoa ere badutela, argazki zaharrez osatutako panel bitartez, “eibartarrek egin duten modura”.  

Musika eskolako leihoak

Puntu honetan, EH Bilduren izenean Unai Larreategi bozeramaleak adierazi zuen, besteak beste, Musika Eskolako galdararako beste alternatiba batzuk aztertzea egokiagoa izan litekeela, elkartearen funtzionamenduak ordutegi jakina ez duela kontuan hartuta; edo bestelako urjentzia batzuk ere badituela Musika Eskolak, leihoak aldatzea, adibidez.

Nagore Zabala Kultura zinegotziak erantzun zion, besteak beste, leihoak aldatzeko aurrekontua ere begiratzen badabiltzala, baina galdara aldatu beharra “legez” datorrela, Jaurlaritzako Industria Sailak horrela esanda.

Plan finantzarioa 

Onartu ziren gainontzeko puntuei dagokienez, berriz, 2018tik 2021era aldirako Plan Ekonomiko Finantzarioa iragarri zuen Udal Gobernuak, derrigorrez egin beharko dutena. 

Arrazoia da Soraluzeko Udalak ez duela betetzen Mariano Rajoyren gobernuak ezarritako Gastuaren Araua. %2,1ekoa da Espainiako Gobernuak ezarritakoa eta %2,75ekoa da, berriz, Soraluzeko Udalak duena. Eta hori horrela izanda, legez behartuta daude plan ekonomiko finantzarioa egitera. 

Puntu horretan, laburbilduz, Unai Larreategik adierazi zuen orokorrean “faltan” igartzen dutela “benetako plan bat, etorkizunera begira inbertsio handiak aurreikusi” ahal izateko. 

Bi hitzarmen 

Eta onartu zituzten bestelako puntuen artean, aho batez onartu zituzten bi hitzarmen.  

Batetik, IES UNI Eibar-Ermua BHI zentroaren eta Soraluzeko Udalaren arteko elkarlan hitzarmena, bertako ikasleek praktikak egin ahal ditzaten Soraluzeko Udalean. 

Eta bestetik, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartearen eta Soraluzeko Udalaren arteko hitzarmena sinatzea, 2012tik eguneratu barik zegoena.

Horrez aparte, erabaki zuten 2019. urteko lan-egutegirako herriko jai-eguna uztailaren 26a izatea, Santa Ana eguna, alegia. 

Irureko urak 

Horiek ziren, hain justu, gai zerrendaren baitan landu zituzten puntuak. Azkeneko puntura iritsita sortu zen, baina, eztabaidarik luzeena Udal Gobernuaren eta oposizioaren artean, eskari eta galderen puntuan, hain zuzen ere. 

Bukaeratik hasita, Irure auzoko uren gaia izan zen udalbatzarrak berbetagai izan zuen azkena, oposizioan dagoen EH Bildu koalizioaren izenean Roke Akizu zinegotziak mahai-gaineratuta, eskari eta galderen tarte horretan. 

Laburbilduz, Unai Larreategik, koalizioko bozeramaleak Irure auzoko uren kanalizazioarekin dauden arazoak gogora ekarrita, egoeraren larritasuna azpimarratu zuen, besteak beste: “Egunen batean zerbait pasatu behar da; saturatu egin daiteke, eta arriskua handituz doa, ikusten ez ditugun uren eta lurren mugimenduarengatik”. 

Iker Aldazabal alkateak horri erantzunez gogora ekarri zuen egoera dagoela “lehengo moduan”, alegia EH Bilduk alkatetza izan zuenean moduan. Eta besteak beste, erantzukizuna dela enpresarena eta lur haien jabeena eta ondoren, erantzule subsidiarioa dela Diputazioa. 

Horren aurrean Larreategik erantzun zuen egoera horren “ardura denona” dela, “gu geunden orain dela zazpi urte eta orain zuek zaudete; beraz, erantzukizuna partekatutakoa da, eta zazpi urtean ez da ezer ere egin. Eskatzen duguna da lehenbailehen konponbideren bat ematea. Ea udazkena iritsi aurretik gauzak martxan dauden. Erantzukizunaren izenean”. 

Autobus geltokia

Bestalde, eskari eta galderen tartean, oposizioko alderdiak mahai gaineratu zuen, baita ere, Errebal kalearen urbanizazioari dagokion puntua. Kasu horretan, bi gaitan zentratu ziren. Eta eztabaidarik handiena eragin zuena izan zen Udal Gobernua aztertzen dabilela autobus geltokia lekuz aldatzea. 

 

Laburbilduz, EH Bilduk adierazi zuen “eskertuko” luketela autobus geltokia Baltegietara, kiroldegi ondoko errebueltara eramateko asmoaren arrazoien gaineko “analisia” jasotzea, berau “objektiboki baloratzeko”, ez dutelako “egoki” ikusten kokagune berria. 

Unai Larreategik autobus geltokia Errebalen mantentzearen alde egin zuen, espazioa behar den moduan egokituta, markesina eta jarleku batzuk ipinita. “Zergatik aldendu behar da geltokia, adibidez, Txurrukeneko markesinatik kiroldegira bitarterainoko bizilagunendako?”, galdetu zuen. 

Iker Aldazabal alkateak adierazi zuen, hain justu, kiroldegi ondoko espazioaren ezaugarriengatik dabiltzala aztertzen autobus geltokia lekuz aldatzea. Aterpe naturala dauka, eta jarlekuak ipintzeko lekua ere bai (ipinita daude ja). “Errebalen adinduak ezin dira eseri ere egin”, esan zuen. 

Horrekin batera, Errebal inguruko hainbat bizilagunen kexuak izan direla ere aipatu zen batzarrean, zaratengatik. “Zuek geltokia Errebalera eraman zenuteneko analisia ere eskertuko nuke nik; ze hura egin zenean bertako bizilagun batek baino gehiagok ere aurkeztu zituen pegak”, esan zuen Aldazabal alkateak.  

Roke Akizuk erantzun zion Gila Zubian ipinitako lurrazpiko edukiontziengatik aldatu zutela geltokia, eurek jarraitzen dutelako pentsatzen geltokiarendako lekurik egokiena, berez, Zubi Nagusia dela.

“Baina zuek egon zineten denbora guztian ere ez zenuten beste ezer ere egin”, erantzun zion horri alkateak.  

Etxeen eraispena

Bestalde, kale bereko urbanizazio proiektuaren harira, EH Bilduk mahai gainean jarri zuen, baita ere, Aurresku tabernaren eraikinaren eta haren ondokoaren egoera kezkagarria (Errebal 14 eta 16. zenbakiak). “Urbanizazioarekin batera egiteko zerbait pentsatu beharko litzateke. Justu puntu hori da Errebal kaleko estuena”. 

Alkateak horri erantzunez, jakinarazi zuen “astelehenero” bidaltzen diola mezua eraikin horien ordezkariari, etxe biak botatzeko proiektua erreklamatzen. “Laster etorriko da eraiste proiektua. Eta bai, badakigu horixe dela Errebal kaleko puntu kritikoetako bat. Urbanizazioa egitean ahalik eta ondoen gera dadin neurriak hartuko ditugu”. 

Bestelakoak 

Ia ordu eta erdi iraun zuen batzarrean komentatutakoen artean, besteak beste, Lorea de Castro zinegotziak kezka helarazi zuen Gipuzkoako Diputazioko Gizarte zerbitzuak hartutako hainbat erabakirengatik; zehazki kritikatu zuen dekretu bidez erabaki izana mendekotasuna duten pertsonen zaintzarengatik ematen duten diru-laguntza txikitzea (Soraluzen 32 familiari eragiten die, De Castroren esanetan), eta murrizketak egitea ere etxez etxeko laguntzetan. 

Iker Aldazabal alkateak, besteak beste, erantzun zuen debate hori ez zegokiola udalbatzarrari, eta gaineratu zuen “hala ere seguru” dagoela, “gertutik” ezagutzen dituelako, “Maite Peñak eta Jabier Larrañagak ez dutela gipuzkoarron kontrako erabakirik hartuko”. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.