Zapatuan lehiatu zen azken lasterketan Ander de Luis, Ezkion, VIII. Izazpiko Igoera Mendi Lasterketan. Eta 27 lagunen artean eskuratu zuen De Luisek garaipena, ondo sufritu eta gero: “Gogorra lasterketa. 27 lagun ginen, gutxitxo, baina bero handia egiten zuen. Lehenengo iritsi nintzen tontorrera eta leku beretik zen jaitsiera. Demaseko giroa egon zen Izazpiko gurutzean”, kontatu du hark.
Nafarroan ere podiumean
Hori gutxi ez, eta parte hartu zuen aurreko lasterketan ere podiumera igotzea lortu zuen: Nafarroa Xtreme lasterketan, 21 kilometroko ibilbidean. Hirugarren egin zuen orduan (orain pare bat asteburu), baina ozta-ozta hartu zioten aurrea lehen biek: segundo eskas atera zion bigarrenak, eta lehenak, berriz, bi segundo.
Ilunpetan egin zuten Nafarroako lasterketaren zati handi bat, iluntzean abiatu ziren-eta. “Oso ondo atera zitzaidan, espero baino hobe. Dena menditik egin genuen eta ooooso polita izan zen”, kontatu du soraluzetarrak.
Irati eta Soraluze
Badirudi, gainera, ez duela atseden hartzeko asmorik, ezta gutxiago ere. Izan ere, Alejandro Rodriguez Herri Krosean lehiatu aurretik, beste lasterketa batean parte hartu behar du: Irati Trailen (oraingo asteburuan). Eta ondoren bai, ondoren, etxekoan parte hartuko du eta Ander de Luisen palmaresa ikusita, duda barik, bera izango da Soraluzen faboritoetako bat.