Atxotegi lider, Debarroko Pilota Txapelketan

Ubane Madera 2018ko mai. 8a, 09:20

Atxotegin eta Bolinagak dute gaur hitzordua, Soraluzeko kiroldegian.

Bikote batekin zein bestearekin, orain arteko partidu guztiak irabazita, Aitor Atxotegi lehenengo doa Debarroko Pilota Txapelketan. Gaur, martitzena dauka hurrengo hitzordua, Ibai Bolinaga bikote duela, 20:00etan, Soraluzeko kiroldegian.

Hain justu ere, Bergarako Muguruzak eta Oterminek osatutako bikotearen kontra lehiatuko dira soraluzetarrak gaur. Eta bihar eguaztena, berriz, Santamariak eta Balerdik Arrasaten dute hitzordua, bertako taldearen kontra. 

Herriartekoa gomazko paletarekin

Bestalde, Aitor Atxotegik jakinarazi duenez, aurten Soraluzeko Pilota Taldeko bost pilotarik Herriarteko Pilota Txapelketan parte hartuko dute, gomazko paletarekin. Hiru modalitatetan jokatuko dute: binaka; banaka kantxa guztian eta banaka zazpiaren barruan.  

Honako pilotariak lehiatuko dira: Asier Fernandez, Jurgi Rascon, Ander Oñate, Jon Gallastegi eta Jon Heriz. Oraingo astean hasiko dira lehian, Errenteriako pilotarien kontra. Izan ere, joan-etorriko partiduak izango dira. Hau da, oraingo astean Errenterian jokatuko dute guztiek guztien kontra, eta datorren astean Soraluzen izango dute txanda.  

Lehen aldiz eman dute aukera Herriarteko Pilota Txapelketan gomazko paletan jokatzeko; 15-20 bat herrik parte hartuko dute modalitate horretan, eta finala ekain aldera jokatuko dute.