5-3 irabazita, salbu da Sora

Ubane Madera 2018ko mai. 7a, 19:00
Sorako gorengo mailako taldea jokoan, zapatuan.

Mailari eutsi egingo dio Sorako gorengo mailako taldeak, zapatuan Beasainen kontrako partidua 5-3 irabazi ondoren. Gustura sartu ziren, bada, aldageletara etxeko taldeko jokalariak eta gustura geratu ziren, baita ere, partidua ikustera igo ziren herritarrak, zortzi gol ikusteaz aparte, etxekoek irabazi egin zutelako, noski. 

Izan ere, zapatuko partidura bertaratu ziren Sorako kamisetaz jantzita udalerriko neska-mutiko eta gazte talde bat baino gehiago, Sora Futbol Taldeak animoak emateko egindako deialdiarekin bat eginez.

 

Zumaiaren kontra

Emaitzari dagokionez, berriz, Beasainen kontrako partidua irabazteari esker, 37 punturekin sailkapenean 10. postuan dago Sorako gorengo mailako taldea; Zestoa dauka ondoan, baina 33 punturekin.  

Zapatukoa eginda bada, aurtengo liga txapelketa bukatzeko partidu bakarra geratzen zaio Sorari, Zumaiakoren kontra.