Ekainaren 2an Gipuzkoako 49. Hiru Txirlo txapelketa, Elgetan

Ubane Madera 2018ko mai. 2a, 11:24

Iñaki Burunza garaile izan zen Bergarako botaldian.

Egun berezia izango da ekainaren 2a hiru txirlo jokoaren zaleendako, egun horretan ospatuko baita Elgetan Bolari Eguna, Gipuzkoako 49. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa amaitzeaz batera. Besteak beste, Bihotza Azpiriri eta Arlindo Almeidari omenaldia egingo diete. Egun horretarako izena emateko azkeneko eguna da maiatzaren 12a.

Hain zuzen ere, izena emateko tokian tokiko elkarteetako kideengana jo daiteke, maiatzaren 12a baino lehen, esandako moduan.

Egitaraua 

Ekainaren 2ko egunari dagokionez, berriz, denetik izango du, goizean hasi eta bazkalosterainoko ekitaldiekin. 

  • 11:00etan, Gipuzkoako 49. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako berdinketa hausteak egingo dira. 
  • Ondoren Lehendakari Txapelketa jokatuko dute (lehenengo gelditu dena 64.aren kontra; bigarren gelditu dena, 63.aren kontra; hirugarren gelditu dena 62.aren kontra… eta horrela).
  • 14:30ean bazkaria egingo dute, bolatokian.

Bazkalostean:

  1. Bihotza Azpiri eta Arlindo Almeida (goiko argazkian) omenduko dituzte eta bakoitzari oroigarri bana emango dizkiete
  2. Gipuzkoako txapelketako mailetako txapeldunei sari banaketa.
  3. Hori guztia girotuko du Ander Ariznabarretak (Arritxak).