20:00ak jotzearekin batera hasi ziren atzo ehunka herritar Plaza Berrira gerturatzen, haren bueltan elkartu eta lapikoak, txifloak edo bestelakoak baliatuta, zarataren bitartez adierazteko ez daudela batere konforme Iruñeako sexu erasoari buruz auzitegiak hartutako erabakiarekin.
"Berriz bortxatuak"
Korner Morearen izenean Olatz Sebalek hitza hartu eta “autodefentsa feminista” aldarrikatu zuen, besteak beste:
“Gaur berriz hemen elkartu gara. Berriz bortxatuak sentitu gara. Berriz lotsa arazi gaituzte. Berriz merke saldu gaituzte. Baina gaurkoan, gure eskubideak babesteko dauden pertsonak izan dira. Badirudi ez direla enteratzen herritarrak halako gauzekin nazkatuta garela eta pausoak ematen hasita garela. Ez ditugu onartzen ez manadakuen ekintza bortitzak eta ez epaile eta sistemaren justifikazio eta konplizitate partzialak. Horregatik autodefentsa feminista izango da gure estrategia. Eta hau da autodefentsa feminista. Zure hitza nahikoa da. Nik sinisten zaitxut. Ez zare bakarrik.
SINISTEN ZAITXUT!
"Ez da nahikoa gu hiltzea"
Elkarretaratzean izan ziren herritarren artean Udal Gobernuko ordezkariak ere izan ziren, Iker Aldazabal alkatea eta Patricia Borinaga Parekidetasun zinegotzia, besteak beste. Azken horrek sententzia “lotsagarria” dela azpimarratu zuen: “Sententzia hau lotsagarria dela uste dugu. Badirudi ez dela nahiko gu hiltzea, gu bortxatzea… baizik eta gainera, gure burua defendatu egin behar dugu benetako zigorra lortu nahi bada. Sententzia lotsagarria iruditzen zaigu”.