Herri bazkaria, kontzertuak eta beste izango dira Klik Egunean

Ubane Madera 2018ko api. 24a, 09:45
Kokein musika taldeko kideak. Argazkia: Galder Izagirre.

Maiatzaren 12rako, zapatua, hitzordua egin du Gure Esku Dago ekimenak, Klik Eguna ospatzeko. Egun osoko egitaraua antolatu dute, tartean, Zubi Nagusian bazkaria egingo dute eta gauean kontzertuak izango dira: Kokein, Deus Ez eta La Furia musika taldeekin.

Klik Bazkaria izena ipini dio Gure Esku Dago ekimenak maiatzaren 12an Zubi Nagusian egingo duten herri bazkariari. Eta dagoeneko bertaratzeko txartelak salgai daude, Iratxo goxo-dendan, eta Arranon, Bolian eta Batzokian. Txartelak eskuratzeko azkeneko eguna maiatzaren 6a da, eta prezioa, berriz, 15 euro arrunta eta 7 euro 14 urte artera arteko neska-mutikoendako. Menua ere zehaztu dute: entsalada, gisatua, postrea eta kafea (umeendako; makarroiak aukeran eta postrea). 

Kontzertuak

Kontzertuei dagokienez, berriz, Eibarko Kokein eta Deus Ez taldeek eta Nafarroako La Furia abeslariek jardungo dute taula gainean 22:30ean.  

Talde ezaguna da Kokein, musikagintzan ibilbide luzekoa. 1999an sortu eta 2002an grabatu zuen lehen diskoa, Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin. Harrezkero beste zazpi diska grabatu dituzte, eta lau urtez isilik egon ondoren, 2016an plazaratu zuten azken lana: Lurpekhariä. 

Deus Ez taldea, berriz, 2016an sortutakoa da, hori ere Eibarren, eta 90eko hamarkadako eta gaur egungo soinua inspirazio moduan hartuta, lehen diskoa iazko udan grabatu zuen.

Eta La Furia abeslaria Nerea Lorone Nafarroako abeslariaren goitizen artistikoa da. Egiten dituen kantuak kontzientzia feministarekin egindako rapa moduan definitu izan dituzte. 

Horixe, bada, Klik Eguna izango denaren aurrerapena. Izan ere, bazkariaren eta kontzertuen artean bestelako ekitaldiak ere izango dira, eguna gerturatu ahala jakinaraziko dituztenak.

 

Erlazionatuak

Argitu da misterioa

Ubane Madera 2018 mar 02 Soraluze