Autobusa izango da Soraluzetik Bilboko manifestaziora joateko

Ubane Madera 2018ko api. 20a, 19:00
Manifestazioaren kartela.

Bihar, zapatua, Bada garaia. Presoak Kalera leloarekin manifestazioa egingo dute Bilbon, 17:30ean hasita. Soraluzetik ere bertaratuko da autobusa, 16:00etan Estaziotik aterata. Leku gutxi batzuk geratzen dira bakarrik.

Kalera Kalera dinamikak antolatu du bihar, 17:30ean Bilboko La Casillatik abiatuko den manifestazioa. Oro har, presoen eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa da berau. 

"Adostasun zabala"

Azken urteotan bizi dugun testuingurua gogora ekarrita, euskal presoen “sakabanaketarekin amaitzeko eta preso gaixoak askatzeko” adostasun zabala dagoela azpimarratu du Kalera Kalera dinamikak, “eragile politiko, sozial eta instituzionalen” artekoa. “Horren froga garbienak dira Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan lortutako akordioak”, adierazi dute. 

Halaber, Frantzian hainbat preso gerturatu izana ere gogora ekarri dute eta hori guztia ahalbidetzeko prozesuaren parte izan direnen garrantzia azpimarratu dute, “herri delegazioa” tarteko. 

"Lehen gradua gainditzea" 

Besteak beste, aldarrikapenen artean, euskal presoei ezartzen dieten lehen gradua gainditzea eskatzen dute. “Lehen gradua gainditzen ez bada, ezin da beste lege-eskaerarik egin”, eman dute aditzera, gogora ekarrita “espetxeen barruan” hasi direla lege arrunta erabiltzeko bidea jorratzen.  

“Hemendik aurrera lehen gradua gainditzeko eskaera jarriko da konponbidearen ildoan, lege arrunta erabiltzeko ezinbesteko premisa baita. Izan ere, espetxe administrazioak euskal presoak modu sistematiko, orokor eta jarraituan sailkatzen ditu lehen graduan”, gaineratu dute.