Mendarokoan ere, gorengoen mailan

Ubane Madera 2018ko api. 17a, 09:50
Ander de Luis podiumean. Argazkiak: Ander de Luis.

Atzera ere podiumera igotzea lortu du Ander de Luis korrikalari soraluzetarrak; oraingo honetan, Mendaron izan da, zapatuan jokatu zen VIII. Kilimon Trail lasterketako ibilbide motzean, 11 kilometrokoan. Lehenengoak segundo eskaseko aldea atera zion soraluzetarrari.

“Azkar irten nintzen, eta gero sufritu egin nuen. Arratsaldean izan zen proba eta korrika egiteko bero egiten zuen, gainera”. 

Sufrikarioak sufrikario, baina, Ander de Luis soraluzetarrak denbora bikaina lortu zuen zapatuan Mendaron egindako lasterketan: 53’01. Konparazioa egite aldera, lehenengo helmugaratu zenak 52’07ko denbora egin zuen. Beraz, segundo eskaseko aldea atera zion soraluzetarrari.

Izen handikoak 

Sufritu bai, baina gozatu ere egin zuela kontatu du, gainera, Ander de Luisek. Batetik, lagun egin zuelako helmugan sartu zen lehena, “Getxokoa da, eta nire etxera gonbidatu nuen bazkaltzera”, kontatu du. 

Eta bestetik, “lasterketa polita” izateaz aparte, “antolakuntza oso ondo” egon zelako, korrikalari soraluzetarraren esanetan.  

Bereziki Mendaron izan zen giroa nabarmendu du hark. Maite Mayora korrikalari ezagunak antolatutako lasterketa izaki, izen handia dauka; horren handia ezen bost aldiz munduko txapelduna izan den Marco de Gasperi korrikalariak ere parte hartu zuen, lasterketa luzean. Eta horrez aparte, beste soraluzetar batzuk ere izan ziren lehian.

Hurrengoa, Nafarroan 

Ander de Luisek, edozelan ere, dagoeneko hurrengo hitzordua dauka buruan: Nafarrroa Xtrem 2018. Hain justu, 21 kilometro eta 1.285 metroko desnibel positiboa duen lasterketan parte hartuko du, Aritzutik abiatuta, bi aste barru. Berezia da proba hura, iluntzean egingo deutelako korrika, 19:30ean hasita.