Jendetza eta borrokaldi zirraragarriak zapatuko boxeo-jaialdian

Egoitz Unamuno 2018ko api. 16a, 08:34

Ixa Rodriguezek, Oussama Hinak, Julen Gallastegik eta Adur Odriozolak garaipen bana eskuratu zuten zapatuko jaialdian. Laurehun lagunetik gora batu ziren frontoiko harmailetan eta sekulako giroa izan zen.

Zapatuko jaialdiak osagai guztiak zituen boxeo gau zirraragarria bihurtu zedin: harmailetan jendetza, laurehun pertsona baino gehiago, eta ring-ean, nor baino nor, herriko lau boxeolari: Ixa Rodriguez, Oussama Hina, Julen Gallastegi eta Adur Odriozola. Herriko boxeolariak zeuden jaialdiko zortzi konbateetako lautan, eta horixe izan zen, dudarik barik, zapatuan herriko jendea frontoira erakarri zuen faktore nagusia. Aurreko edizioetan bezala, kanpotik ere boxeozale mordoxka etorri zen, bakoitza bere boxeolaria animatzeko gertu, baina, oraingoan, herriko jendea izan zen nagusi harmailetan; gazteak gehienak, boxeolarien lagun eta senideak asko.

Gaueko borrokaldi gehienak suertatu ziren lehiatuak eta ikusgarriak, baina giroa herriko boxeolariak borrokatu zirenean berotu zen bereziki. Adur Odriozola izan zen borrokatzen lehena, Gorka Azkargorta bergararraren aurka (Sorabox taldekoak biak). Odriozolak estreinako borrokaldia zuen baina dotore ibili zen, eta kostata izan bazen ere, lortu zuen garaipena.

Julen Gallastegiren borrokaldia etorri zen gero, Ruben Castellanos leondarraren aurka. Castellanos Espainiako txapelduna da pisu astunetako junior mailan, baina Gallastegik aise gainditu zuen aurkaria, ikaragarrizko kolpe zaparrada jota. Ikusgarria izan zen Gallastegik eskaini zuen indar erakustaldia.

Oussama Hina borrokatu zen gero, Andoni Azpiri eibartarraren aurka. Hinak ere lehenengo borrokaldia zuen zapatukoa, baina ederki bideratu zuen sekulako erakustaldia emanez. Ring-era ateratzeko momentuan bertan lehertu zen giroa frontoian eta Inhak ez zuen huts egin. Poliki-poliki eta lan asko eginez lortu zuen aurkaria menderatzea, eta hirugarren asaltorako zeharo menderatuta zeukan. Gaueko borrokaldirik beroenetakoa izan zen.

Gaueko 22:30ak aldera hasi zen jaialdiko azken borrokaldia, Ixa Rodriguezen debuta profesional mailan. Eloisa Rodriguez izan zuen aurkari, madrildarra eta dagoeneko profesionaletan lau aldiz lehiatutakoa. Borrokaldi gogorra izan zen bien artekoa. Ixak gogor eutsi zion hasieran eta madrildarrari gailenduz joan zitzaion asaltoz asalto, sekulako erresistentzia erakustaldia eginez. Gogor saiatu, eta irabazi egin zuen. Borroaldian zehar, batek baino aipatu zuen Ixa Rodriguezen bere borrokatzeko moduan izan duen bilakaera eta momentu honetan duen maila ona.

Boxeozaleak gustura atera ziren frontoian ikusitakoarekin. Bistakoa da Ixak azken urte luzetan herrian boxeoa indartzeko Soraboxen bitartez egiten diharduen lana hasi dela bere fruituak ematen, eta ez nolanahikoak gainera.