“Batak duen kilo bateko aldea besteak parekatu egiten du profesional mailan eginda dituen lau borrokekin, beraz, oilar-pisu barruan egoteaz aparte, biak pareko samar daudela esan dezakegu”, adierazi du Manolo Kortajarenak, Gipuzkoako Boxeo Federazioko presidenteak.
Pisaketa-saioa eginda, bi boxeolariek pisua zaintzeko izan duten azken orduotako gosea asetzeko tartea hartu dute, pisaketa-saioan laguntzera joan zaizkien boxeolariek lagunduta.
Izan ere, Ixa Rodriguezekin eta Eloisa Rodriguezekin batera Batzokian izan dira bihar, zapatua, amateur mailan borrokatuko diren Sorabox taldeko beste lau gazteak ere: Julen Gallastegi, Adur Odriozola, Oussama Hina eta Gorka Azkargorta. Pisua bertan zegoela aprobetxatuta, gainera, amateurrek ere konprobatu dute zein den eurena; “oso ondo daude”, esan du Ixa Rodriguezek berak. Edozelan ere, amateurrek bihar 18:00etan egingo dute benetako pisaketa-saioa.
Gaurtik biharrera, bada, lan nekeza izango dute boxeolari soraluzetarrek agerikoak zaizkien urduritasunak moteltzen; biharko eguna deseatzeko daude guztiak ere.