Altsasuko gazteen aldeko manifestaziorako autobusa, ia beteta

Ubane Madera 2018ko api. 13a, 13:33
Manifestazioa iragartzeko kartela.

Altsasuko auzian auzipetuta dauden zortzi gazteen familiek manifestazioa deitu dute biharko, zapatua, Iruñean, Justizia. Ez da terrorismoa lelopean. Soraluzetik ere abiatuko da autobusa bertara. Apirilaren 16an hasiko da zortzi gazteen kontrako auzia, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. 375 urteko kartzela zigorra eskatzen dute auzipetuendako.

Jarleku batzuk besterik ez dira geratzen Soraluzetik Iruñeara abiatuko den autobusean. Beraz, bertara joan nahi duenak ahalik eta lasterren eman behar du izena, Arranon.

Autobusa 15:00etan irtengo da, Estaziñotik. Izan ere, manifestazioa bera 17:30ean hasiko da Iruñeko Golem zinemetatik abiatuta. 

500 egun pasa kartzelan

2016ko urrian, Altsasuko taberna batean izandako liskarra da auzi honen iturburua. Gau hartan bi guardia zibil eta haien bikotekideak zauritu ziren, besteak beste. Auzitegi Nazionalak gertatutakoa terrorismotzat hartu eta harrezkero badaude hiru gazte badaezpadako kartzelaldian 500 egun pasa daramatzatenak (2016ko azarotik).

Astelehenean epaiketa 

Zortzi gazteon kontrako epaiketa apirilaren 16an hasiko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean eta fiskalak 375 urteko kartzela zigorra eskatzen du auzipetuendako.

Nafarroako Gobernua alde 

Besteak beste, Nafarroako Gobernua osatzen duten Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak adierazpen instituzionala baliatuta babestu egiten dute manifestazioa; ez horrela oposizioan dauden UPNk, PSNk eta PPNk.