Ibaia badator bere onera eta eguraldia ere bai

Ubane Madera 2018ko api. 12a, 09:47

Ibaia ikusgarri zetorren atzo, eguaztena.

Euria eta ibaia izan ziren atzo, eguaztena, soraluzetarren eta ingurukoen berbetagai nagusietako bat; kezka iturri ere bai, askorendako, hartu zuen maila altuarengatik. 14:00-15:30ak aldera izan zuen udalerrian ibaiak punturik altuena. Hortik aurrera beherako bidea hartzen hasi zen, eta gaur ere bide horretatik segitzen du. Atzoko luiziez aparte, beste txiki batzuk ere izan dira, mendi-bideetan.

Azken luizi horiek, baina, ez dute aparteko eragozpenik eragin, Udaltzaingoak jakinarazitakoaren arabera. Eta Izagirre baserrira (Izarre) bidean jausi zen zuhaitza atzo bertan erretiratu zuten.

15:30ak aldera gorenen 

Ibaiari dagokionez, berriz, hartu du beherako bidea, atzo eten barik gorakoa hartzen ibili ondoren. 15:30ak aldera izan zuen altuerarik handiena. 

Bergaran, kanpora 

Ikusgarri zetorren, ur-emari izugarrizkoarekin, abiada betean eta enbor eta bestelako gauza ugari zekartzala. Bergaran, adibidez, bidetik irten zen, Matxiategi inguruan.

Soraluzeri dagokionez, 15:30etik aurrera jaisten hasi eta atzera ere bistaratzen hasi ziren ibai bazterreko hormigoi tarteak, haren beherako joeraren adierazle.

Hobera 

Eta gaur bide horretatik segitzen dihardu. Eguraldiari dagokionez, hobera egingo duela iragarrita dute adituek, bereziki, eguerdi partetik aurrera. Edozein modutan, Segurtasun sailak gaurko 12:00ak arte aktibatuta dauka alerta laranja prezipitazio iraunkorrarengatik. 

Erlazionatuak