Zeletatik gorako luiziari dagokionez, handi samarra da. Argazkiak erakusten duenez, errebueltaren gaineko aldean zegoen txabola ia osorik eraman du goitik behera, errepideraino.
Garbitzeko zain
Gotzon Odriozola udaltzainburuak jakinarazi duenez, “errepidea ez dago moztuta, baina asko jausi da”. Hain justu, Zeletatik irten eta gorako bidean dagoen lehen errebueltan gertatu da luizia. Udaltzaingoak abisua pasatu dio Diputazioari, bertako langileak garbitzera etor daitezen. Hala ere, Soraluzeko Udaleko langileak eta udaltzainak ere bertan dira.
Bestalde, txabolaren jabearekin harremanetan jarriko da Udala.
Irurekoa bazterrera
Irure auzorako bideari dagokionez, berriz, han zuhaitza jausi da (goiko argazkian), errepideraino. Zabalek erretiratu du bertatik, motozerrarekin zatitu eta gero, beraz, bidea dagoeneko libre dago. Alkateak jakinarazi du Debemenekoak etorriko direla hondarrak erretiratzera.
Gaztelekua
Horrez guztiaz gainera, gaztelekuan itoginak sortu eta lokalera ura sartu zaie, atzotik. Goizean erretiratu dute ura udal langileek, eta bihar, eguena, etorriko da arkitektoa, itoginak lehenbailehen konpontzeko.
Bidegorria
Azkenik, garbitzeke dago, baita ere, bidegorriko lur-jausia, Soraluzetik Osintxura bidean kilometro ingurura dagoena. Diputazioa jakinaren gainean dago. Luizi hark bidegorriko errei bat okupatzen du.