Soraluzeko Pilota Elkarteko sei pilotari Debarroko txapelketan

Ubane Madera 2018ko api. 11a, 18:00

Bolinaga eta Atxotegi iaz, irabazleen garaikurrarekin eta txapelarekin, Soraluzen.

Atzo, martitzena, hasi zen aurtengo Debarroko Pilota Txapelketa, Eskoriatzatik Debarainoko pilota elkarteen artean jokatzen dutena. Soraluzeko taldetik sei pilotarik jardungo dute lehian, nagusien mailan: Aitor Atxotegik, Ibai Bolinagak, Iñigo Iruretak, Gorka Santamariak, Ibai Kortabarriak eta Manex Balerdik. Azken lau urteotan, hain justu, Atxotegik irabazi du txapelketa, bikote desberdinekin.

Atzo, gainera, Soraluzeko bikoteen artean jokatu zen lehen partidua: Aitor Atxotegik eta Ibai Boinagak Gorka Santamariaren eta Ibai Kortabarriaren kontra jokatu eta 22-8 gailendu ziren lehenak.  

Atxotegik esplikatu duenez, “txapelketan bi bikote dituzten herriek elkarren kontra jokatzen dute lehiaketa hasieran. Denok denon kontra jokatu behar dugu, ligaxka modukoa da-eta. Hortaz, herri berbereko bikoteek lehiaketa hasieran jokatzen dute elkarren kontra”. 

Datorren astean, berriro 

Lehen partidua jokatuta, datorren astean dute hurrengo hitzordua Soraluzeko pilotariek. Kasu honetan ere, Soraluzen jokatuko dute, Bergarako Murua eta Iñarra bikotearen kontra. “Asteartean izango da partidua; ordua zehaztea falta da”, jakinarazi du Atxotegik. “Partidu guztiak aste barruan jokatuko dira”, gaineratu du hark.

Finalak Arrasaten

Orain hasi eta ekainaren erdialdera arte iraungo du Debarroko Pilota Txapelketak. Afizionatu mailan dagoen txapelketarik antzinakoena da, aurten 71. edizioa izango du-eta. Iaz, finalak Soraluzen jokatu ziren; aurten, berriz, Arrasaten jokatuko dira.

Lau urtez, Atxotegi 

Azken lau urteotan, gainera, Soraluzera ekarri dute nagusien mailako txapela. Aitor Atxotegik berak irabazi du; hiru urtean (2014, 2016 eta 2017) Bolinagarekin bikote modura eta 2015ean, berriz, Aldaperekin bikote modura. 

Kluben artekoa 

Soraluzeko Pilota Elkartetik lehiatuko diren pilotari guztiak, berriz, ez dira bertakoak. Ibai Bolinaga, adibidez, Arrasatekoa da, Iñigo Irureta Beasaingoa eta Manex Balerdi Antzuolakoa, baina Soraluzeko Pilota Elkartean daude, eta Debarroko txapelketa kluben arteko txapelketa da.