"19 amuarrain atera nituen bi orduan"

Ubane Madera 2018ko api. 11a, 12:04

Denis Soriano amuarrain bat eskuetan duela.

Pozik dago Denis Soriano herrikidea Euskadiko Izokinkideen Harrapaketan Euskadiko txapela eskuratu izanagatik. 24 lehiakideren artean eskuratu du berak txapela. Datorren urteko Espainiako txapelketara zuzenean sailkatu da erdietsitakoari esker, eta aurten ere aurkeztuko dela jakinarazi du, “iazko sailkapenari esker”.  

- Zorionak!

- Eskerrik asko!

- Espero zenuen txapeldun izatea edo ezustekoa izan da?

- Apur bat ezustekoa izan da, bai. Lehenengo egunean, Leitzaranen, oso ondo ibili nintzen. Lehen mangan, erreka txokolate-txokolate zetorren, hala ere, arrain handi bat harrapatzea lortu nuen. Eta arratsaldean hobeto ibili nintzen, ze hiru arrain harrapatu nituen. Hori horrela, lehen egunetik lehen postuan kokatu nintzen. Zapatuan, berriz, bigarren mangan arrantzatzea tokatu zitzaidan puntuan amuarrain piloa atera ziren. Beste lehiakide batek 15 atera zituen goizean, eta pentsatu nuen: ba nik gehiago atera behar ditut, eta 19 amuarrain atera nituen bi orduan!

- Lehia handia duzue arrantzaleen artean? Edo zorte kontua ere bada?

- Denok pareko ibiltzen gara. Zorteak laguntzen du, adibidez, arrantzatzeko tramuen zozketa orduan, baina trebezia ere behar da.

- Datorren urteko Espainiako txapelketarako sailkatu zara…

- Bai. Eta aurten ere aurkeztuko naiz, ezustekorik ez bada. Aurreko urteko sailkapenari esker aurkeztu ahal naiz. Errioxan jokatuko da, ekainean, Sanjuan inguruan. Euskaditik 4-6 bat joango gara.

- Eta ekainera arte baduzu bestelako hitzordurik?

- Ordura arte entrenatzen ibiliko naiz, eta euliak prestatu eta prestatu.

- Ze arrantza mota praktikatzen duzu?

- Hil bako arrantza da. Eta bi modalitate dago arrantzatzeko: eulia eta lance arina (eulia edo kutxarila). 

- Zeintzuk dira lehiaketaren ezaugarriak?

- Egiten dena da lehiaketa egunean zozketa, arrantzatzeko tramuena. Eta lehiakideek egiten dugu txandaka arrantzatu eta epaile lanak, bi orduka. Hain zuzen, bi ordu ditugu bakoitzak arrantzan egiteko. 

- Non ibiltzen zara zu arrantzan?

- Inguruan, Gipuzkoan: Debarroan eta Leitzaranen-eta.