Izan ere, lau egun besterik ez dira falta zapatuko gau-belarako, Ixa Rodriguezen debut profesionalerako.
20:00etan hasita, 7 boxeolarik jardungo dute kiroldegiko frontoian ipiniko duten ring-ean: Soraluzeko eta Bilboko boxeolariek, hain zuzen; horietatik seik hiru minututako hiru round egingo dituzte.
Gazteak "oso ondo"
Eta, hain zuzen, horien artean izango dira Soraluzeko hiru boxeo-ikasle, debuta egingo dutenak: Ousama Hina, Adur Odriozola eta Julen Gallastegi. “Oso ondo dabiltza”, kontatu du haien entrenatzaile den Ixa Rodriguezek.
Azken horri dagokionez, berriz, beste boxeolari profesional batekin, Eloisa Rodriguez madrildarrarekin borrokatuko da, bi minututako lau roundetan. Abizen bera izateaz aparte, bi boxeolariak adinez ere antzera dabiltza: 36 urte ditu soraluzetarrak eta 39, berriz, madrildarrak.
Pisatzea, barikuan
Zapatuko jardunari dagokionez, berriz, Soraluzeko boxeolariak jakinarazi du “nahikoa entrenamendu” eginda dituela eta egun hauetan ya pisua zaintzen dabilela, galdu egin beharra dauka-eta “apur bat izerditzera noa orain ere”, kontatu du elkarrizketa hau egiten genbiltzala.
Hain zuzen, 51 kilo da Soraluzeko boxeolariarendako muga. Barikuan, 18:00etan egingo dute pisatze saioa berak eta aurkari duen Eloisa Rodriguez madrildarrak, 18:00etan, Batzokian.
"Garbia eta dibertigarria"
Osterantzean, zapatua ailegatzeko zain dago Rodriguez soraluzetarra: “Pixka bat urduri nago, baina gogoarekin ere bai. Eguna ailegatzea nahi dut, hau da asterik zailena”, aitortu du. Borrokalditik espero duenari buruz galdetuta, berriz: “Nire helburua da konbate garbia egitea eta dibertigarria izatea”, adierazi du.
300 sarrera
Boxeo gau bela hori ikusteko 300 sarrera saldu dira dagoeneko. Soraluzen, Batzokian eta kiroldegian eskura daitezke 15 eurotan, eta egunean bertan lehiatilan ere bai, 18 eurotan. Oraingoz, saldu diren sarrera gehienak kanpotarrek eskuratu dituzte, izan ere, ikusle gehienak Madrildik, Leondik zein Bilbotik etorriko direla espero da.
Edozein modutan, noski, Ixa Rodriguezek eta gainontzeko boxeolari soraluzetarrek ondoan izango dituzte zapatuan familiako kideak eta lagunak.