Jon Arretxe: "Joera dago etorkinak identifikatzeko ongi-etorria ez den zerbaitekin, gure laguntzez aprobetxatzera datozela, eta ez da batere justua"

Ubane Madera 2018ko api. 10a, 11:23
Jasone Osoro eta Jon Arretxe atzo, astelehena, Soraluzeko Irakurleen Klubean.

Tertulia literarioa baino gehiago izan zen atzo, astelehena, Jon Arretxe idazleak Soraluzeko Irakurleen Klubeko kideekin partekatu zuena. 19 kamera bere nobela beltza aztergai izateaz aparte, arrazakeria, injustizia soziala eta beste ere aztertu zituzten mahaiaren bueltan elkartu zirenek. Idazleak adierazi du "oso gustura" egon dela Soraluzen eta espero duela etortzen den azken aldia ez izatea. 

Ikusi da halako tertuliek irakurleen feedbacka eskuratzeko eere balio dutela, ezta?

Gauza oso ederra da. Jasone Osorok komentatu du hitzaldi, saio asko ematen ditudala, baina niretzat politenak dira, duda barik, irakurleen klubetan egiten ditudanak, ze feedback hori jasotzen duzu, benetako iritziak, eta hori oso-oso polita da.

Soraluzen zer moduz egon zara?

Oso gustura. Beldur nintzen, ze esan zidaten jendea ez dela oso berritsua. Baina ikusi duzu. Azkenean amaitu egin behar izan dugu ze bestela hemen egongo ginen ordu pare baten… jende oso jatorra da. Sanoa.

Aipatu duzu kritika soziala egitearen garrantzia. Zelakoa du 19 kamera liburuak?

Injustizia sozialak orokorrean, eta nabarmenena izaten da askotan etorkin jendearen kontrakoa. Joera dago etorkinak identifikatzeko ongi-etorria ez den zerbaitekin, gure laguntzez aprobetxatzera datozela, eta iritzi hori zabalduegi dago zoritxarrez, eta ez da batere justua.

Entzuten da: baina Euskadin beste leku batzuetan baino hobeto.

Guk sinistu nahi dugu onenak garela denean; ez garela beste batzuk bezain arrazistak, gure hezkuntza dela Estatuko onena, osasun zerbitzuak dira onenak… baina askotan ez da ona beti hain pozik egotea, harro egotea gure buruagaz, autokritika apur bat egin behar dugu.

Zer dela eta 19 kamera liburuaren lanketa Soraluzen?

Nik berdin-berdin eskertzen dut nire edozein libururi buruz jardutea. Kasu honetan, Jasonek deitu zidan, eta berak esan zidan: zure nobela beltz bat, hortxe duzu Toure pertsonaia… nik esan nion bost nobela dira ya Tourerenak, igual ez da onena lehenengoa, baina sagak direnean askotan hobe da lehenengotik hastea eta horregatik erabaki genuen lehenengotik hastea.

Lehenengoa irakurri zenuten, bosgarrena idatzi duzu… seigarrenaren ideiarekin bazabiltza, ala?

Ez. Aparkatuta daukat Toure. Idatzi ditut bost eta aparkatu dut. Idatzi dudan azken liburua da Arrutiren Banda, neure herrian, Basaurin kokatzen dena eta Torurerekin zerikusirik ez duena, eta hemendik aurrera baliteke Tourerengana itzultzea edo ez. Bloketatuta nago apur bat hurrengo nobelagaz, eta irten behar dut ya, baina oraintxe bertan ez daukat oso argi zer egin.

Baina beltzetik segituko duzu?

Bai, hori bai. Beharbada herri giroko bat sortzea baliteke, aldatzearren. Nire nobelak oso hiri girokoak dira.

Akaso Soraluzen topatuko duzu inspirazioa…

Bueno, ba hemen ere badaude gauzak, bai!

Zer esango zenieke oraindik zure irakurleak ez diren horiei?

Nik eskatuko, erregutuko nieke aukera emateko: benga, aukeratu liburu bat eta irakurri 10-20 bat orrialde eta ez bazaitu engantxatzen, ba zer egingo diogu, asko dago aukeratzeko. Nire liburuei beti saiatzen naiz erritmo bizia ematen, harira joaten. Irakurle moduan horrela gustatzen zait eta idazle moduan ere horrela egiten dut.

Akaso hortxe ere aurki daiteke erakargarritasun hori, ezta?

Klaro, klaro. Nireak ez dira hondaratzara eramaten diren liburu potolo horietakoak eta askotan orriak soberan dituztenak. Ez, nire liburuetan ez da ezer sobratzen, hori uste dut behintzat.

Nahi baduzu beste zerbait gaineratu…

Eskerrak eman. Soraluzen beste batzuetan ere egonda nago eta asko-asko poztu naiz etortzeagatik eta espero dut azkena ez izatea.