19 kamera liburua nobela beltza izaki, halakoek berezkoa beharko luketen kritika soziala bere baitan dituela azpimarratu eta argi utzi nahi izan zuen Jon Arretxe idazleak atzo soraluzetarrekin partekatutako tertulia literarioan.
Arrazakeria…
Bat egin zuten idazleak esandakoarekin antzokiko erakusketa gelara bertaratutako irakurzaleek, besteak bete, aditzera emanda nobelan argi ikusten dela gizartean dagoen arrazakeria, hipokrisia, boteretsuek duten indarra eta horren gertu baina aldi berean horren urrun ikusten dugun Bilboko San Frantzisko auzoaren errealitatea zein den: etorkinak, prostituzioa, pobrezia… ”Nahiko leku deserosoa erakundeendako, gaur egun Bilbo den hiri turistikoa kontuan izanda”, esan zuen Arretxek.
Izan ere, 19 kamera eleberria hantxe, San Frantzisko auzoan kokatzen da, eta protagonista du Toure izeneko etorkina, detektibe bilakatzen dena. Bost eleberriz osatutako sagaren lehena da berau, 2012an idatzitakoa.
Txarrak eta onak
Hain justu, liburua bera aurkezteaz aparte, liburua zela eta non idatzi zuen erakutsi zien Arretxek bertaratutakoei. Argazkiz baliatuta, San Frantzisko auzoaren erretratua egin zuen, eta liburuan bertan azaltzen diren pasarteetako lekuak, pertsonaietako batzuen inspirazio iturria eta hango bizimodua erakutsi zien soraluzetarrei. “Auzoan daude gauza txar guztiak, baina on guztiak ere bai. Elkartasun handia dago (…) Eta ekimen ederrak egiten dira, Munduko Arrozak edo Perkusio Eguna, adibidez”.
Bi urte ailegatzeko
Datu mingarri batzuk ere helarazi zituen, askotan jakin nahi ez diren horietakoak: “Afrikatik hona etortzen diren etorkinek tardatzen dute batez beste bi urte Europara ailegatzen. Eta bidean denetik pasatzen, pairatzen eta egiten diete: abusu sexualak, tratu txarrak… (…) San Frantziskoko pisu patera horren jabea (argazkietan erakutsi zuen) gu bezain zuria da; etxea sei gelatan banatuta du eta 300 euroko alokairua kobratzen du bakoitzeko; eta gainera, bera da etorkinen kontra gaizki esaka gehien ibiltzen dena”.
Bada, halakoekin eta liburuaren gainekoak komentatzen, 20:15ean barik 20:45ean bukatu zuten Jasone Osoro idazleak gidatutako tertulia. Ekitaldia amaitzeko, bertaratutakoen liburuak sinatu zituen Jon Arretxe idazleak.