Itzulia Soraluzetik

Ubane Madera 2018ko api. 8a, 13:09

Han-hemenka, Euskal Herriko Itzuliak zain izan zituen atzo soraluzetar ugari txirrindulariak bertatik bertara ikusteko. Saihesbidetik 16:20 inguruan pasatu ziren lehenengo lasterkariak, saihesbideko hainbat puntutan itxaroten zeudenen animo artean. Haiez aparte, izan ziren ere, egun osorako plana egin, eta Eibarren lehenengo eta Arraten gero Itzulia ikusten egon ziren soraluzetarrak.

Egun euritsua izan arren, justu euriak ateri eutsi zion Itzuliak Soraluzeko saihesbidea igo eta jaitsi egiten zuen unean, bertan zain zeuden ikusleen lasaitasunerako

 

Beste batzuek, berriz, Itzulia ikusteaz bat, egun pasa egin eta Arraten bazkaltzeko plana eginda zutenek, bestelako “aterpeak” inprobisatu behar izan zituzten parrilan prestatu beharreko jaki gozoak euriak alperrik galdu ez zitzan.

Kontuak kontu, argazkiak erakusten duen moduan, umoretsu egin zioten aurre eguraldi kaskarrari.

Jarraitzaile finak

Argazkikoen artean dagoen Mikel Hernandez txirrindulariak kontatutakoaren arabera, goizean Eibarren bertako giroa ikusi ondoren Arratera igo eta bertan bazkaldu zuen lagun-kuadrillak. 

“Urtero” joaten dira lagunak Itzulia ikustera Arratera, egun pasa eginez. Arraten bazkaldu eta “gero Izuara oinez, paseotxoa emanez, txirrindulariak ikustera”. 

Gainera, emaitzarekin ere gustura izateko moduan da Hernandez; faborito nagusi zuen Gernikako Pello Bilbaok irabazi ez arren, harekin batera Izagirre eta Landa ere bazituen faboritoen artean: “Adinekoak dira, eta ezagunak ere bai; gainera, Izagirrerekin Eibarko ekipoan korritu nuen”, jakinarazi zuen Hernandezek. Hain justu, podiumean bigarren eta hirugarren egin dute Hernandezen bi faborito horiek.