Hain justu ere, txirrindularien abiaduraren arabera, aurreikuspena da kirolariak 42 km/h abiadan badatoz, 16:17an hastea Soraluzeko saihesbidetik pasatzen, eta 38 km/h abiadan baldin badatoz, berriz, 16:28an iristea saihesbidera.
Errepidea itxita
Kontuak kontu, eta Ertzaintzak jakinarazitakoaren arabera, 16:00-17:00ak bitartean, ordu laurdena gora-behera, Soraluzetik ezin izango da sartu-irtenik egin, errepidea itxi egingo dutelako.
Uberatik etorriko dira txirrindulariak Soraluzera. Azken etapako 77,3. kilometroa izango dute hemengoa. Eta hemendik Maltzagarako bidea hartuko dute, handik ja Eibarrerako bidea hartu eta Arrate igotzen hasteko.
Etaparik ikusgarriena
Euskal Herriko Itzuliaren azkeneko etapa hau da guztien artean motzena, erlojupekoa izan ezik; baina zortzi mendate igo beharko dituzte txirrindulariek, lehen mailako Ixua eta Usartza tartean. Eta horrek ekarriko du itzuliko jardunaldirik gogorrena izatea zapatukoa.
Aldi berean, arrazoi berberarengatik zaleendako eta ikusleendako etapa polita eta ikusgarria izango da, ikusgarriena, akaso; mendate gogor horiez aparte, Arrateko igoeran itzuliaren amaiera erabaki daiteke-eta.