Apirilaren 14an boxeolari profesional moduan debutatuko du Ixa Rodriguezek

Ubane Madera 2018ko mar. 29a, 09:10

Ixa Rodriguez kiroldegian, eskola ematen.

Boxeo gau-bela antolatu du Soraluzeko boxeolari Ixa Rodriguezek datorren apirilaren 14rako, 20:00etan. Soraluzeko eta Bilboko boxeolariek parte hartuko dute ekitaldian. Jardunaldia, baina, berezia da Soraluzeko boxeolarientzat. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Izan ere, bertan parte hartuko duten lauek debuta egingo dute: Ixa Rodriguezek boxeolari profesional modura eta haren ikasle Ousama Hinak, Adur Odriozolak eta Julen Gallastegik amateur modura. 

Guztira 7 boxeolarik jardungo dute apirilaren 14ko gau-belan; horietatik seik hiru minututako hiru round egingo dituzte. Ixa Rodriguez, berriz, beste boxeolari  profesional batekin, Eloisa Rodriguez madrildarrarekin borrokatuko da, bi minututako lau roundetan.

Espainiako txapeldun

Profesional modura debutatzeaz aparte, Soraluzeko boxeolariak buru-belarri jardungo du aurrerantzean kirol horretan. Boxeoarekin zerikusirik ez zeukan lanari utzi egin baitio boxeoan zentratzeko. Helburua ere argi du: Espainiako txapelketa Soraluzera ekartzea eta, jakina, Espainiako txapeldun izatea. 

Gaur egun, Euskal Herrian, bi emakume boxeolari profesional baino ez daude: Ixa Rodriguez bera eta Violeta Gonzalez bilbotarra, eta biak daude Neskabox taldean, Bilbon.  

Bost borrokaldi

Soraluzen debuta egin ondoren, beste lau borrokatan parte hartu beharko du Ixa Rodriguezek finalera iritsi arte. “Beste hiru borrokaldiak Euskal Herrian egingo ditut, eta bosgarrena izango da Espainiako txapelketa, baina oraindik ez dakigu hori non jokatuko den”. 

Gaur egun, Las Palmaseko Yolanda Ramos da Espainiako txapelduna, baina “orain 2-3 urte haren kontra borrokatu nintzen eta irabazi egin nion”, kontatu digu Ixa Rodriguezek.