“Polita, giro ona, jendetza izan zen partiduak ikusten, bereziki, eguerdi parteko eta iluntze parteko orduetan. Jendea etengabe ibili zen kiroldegira joan-etorrian”. Halaxe baloratu du Amaia Ariznabarretak zapatuan Soraluzen jokatu zen Lehen Frontenis Txapelketa Mistoko antolatzaileetako batek egunak utzitakoa.
Txapelketan 15 bikote lehiatu ziren, 09:00etan hasita. Horietatik zazpi kanpotik etorri ziren lehiaketara.
Hain justu, txapelketak bi zati izan zituen: goizean partiduak hasi eta 15:00ak arte jokatzen ibili ziren. Gero, 17:00etan hasita, finalistek segitu zuten ; orduantxe jokatu zituzten final laurdenak, finalerdiak eta azkenik, finala.
Lehia handia
Hain zuzen, Gorka Santamariak eta Silvia Loscosek jokatu zuten Aitor Atxotegiren eta Alana Berraondoren kontra azken partidua, finala. Lehia handia izan zen bi bikoteen artean, “azken momentuan erabaki zen partidua”; eta halaxe, tanto bakarraren aldearekin Santamariak eta Loscosek irabazi zuten txapelketa. “Partidua amaitzeko 20 segundo geratzen zirela, 14-13 irabazten zihoazen, eta sartu ziren azken bost segundotan. Enpate egin zuten eta azkeneko tantoa jokatu behar izan zuten, denboraz kanpo. Partidu bakarra izan zen denbora amaituta tanto extra behar izan zuena”, kontatu du Jokin Martinezek, partidu horretan epaile lanak egin zituenak.
"Giro oso ona"
Oro har, bada, partiduek emandakoarekin ere gustura geratu dira antolatzaileak. “Maila ona” izan zen lehian, eta “giro ona, oso ona”, lehiakideen artean. “Jende askok idatzi du esaten asko gustatu zaiola eta datorren urtean egiten badugu, bueltatuko direla. Egon zen giroa eta antolakuntza oso ondo pentsatu zitzaiela”, adierazi du Ariznabarretak.
Soraluzeko Lehen Frontenis Txapelketa Mistoa Soraluze Mugituz izeneko ekimen jaioberriaren baitan gauzatu da. Ekimen horren bitartez, besteak beste, bi hiletik behin kirol jarduera indartsua antolatuko dute udalerrian.
Alejandro Rodriguez memoriala
Hori horrela, hurrengo hitzordua maiatzaren 20an izango da. Soraluzeko herri krosa, Alejandro Rodriguez memoriala jokatuko dute orduan. Apirilaren erdialdean zabalduko dute izen-ematea, eta zabaltzeaz batera, jakinaraziko dute zeintzuk diren izena emateko bideak eta epeak.
Oharra: (Argazkiak: Jon Agirre, Fernan Oregi, Ainara Muga eta Amaia Ariznabarreta).