Mediku, erizain eta pediatria zerbitzuak emango dituzte Plaza Zaharreko moduluetan. Soraluzeko unitatetik jakinarazitakoaren arabera, emagin eta ginekologia zerbitzuak, berriz, Eibarren eta Elgoibarren emango dituzte, guztiak ez direlako Soraluzen kabitzen. Eta arreta zerbitzuak anbulatorioan segituko du, sarreran.
Halaber, asmoa da hori guztia abian jartzea apirilaren 3an, «baina aldaketak egon daitezke noiznahi» ohartarazi du Olatz Altunak, Soraluzeko unitateko arduradunak.
Bi hilabete eta erdi
Ohiko jardunera, berriz, bi hilabete eta erdiren ondoren bueltatzea espero dute, anbulatorioko obrak bukatzean.
Izan ere, anulatorioko igogailua aldatu eta berria ipini behar du Osakidetzak; hain justu, igogailu hidraulikoa dago orain eta haren lekuan igogailu elektrikoa ipini behar dute, oraingoa baino zabalagoa eta irisgarritasun aldetik egokiagoa.