Helburua da apirilaren 3an moduluak egokituta egotea, bertan kontsultak ematen hasi ahal izateko. Eta horrela igogailua aldatzeko trabarik ez egotea anbulatorioan.
Gaur egokitzen
Are gehiago, gaur bertan hasi dira ingurua egokitzen hori egin ahal izateko: udal langileak Plaza Zaharreko karpa desmuntatzen dabiltza goizetik, eta arratsaldean moduluak ipintzeko oinarriak egokituko dituzte Asketa enpresakoek. Haien oinarria hormigoizkoa izango da eta enkofratu lanak egingo dituzte. Hormigoia gogortuta, asmoa da eguenean hastea moduluak ekartzen.
Moduluak ipini ondoren, argindarra, ura eta ur zikinen instalazioak prestatzen hasiko dira. Horiek guztiak bukatzean kontsulta guztiak moduluetara pasa beharko dituzte.
Arreta zerbitzua barruan
Izan ere, anbulatorioko zerbitzuei dagokienez, erabiltzaileentzako arreta zerbitzua mantenduko da bakarrik beheko solairuan. Kontsultak, berriz, moduluetan egingo dituzte guztiak ere. Lanek bi hilabete eta erdi iraungo dute.
Irisgarritasuna
Moduluak Plaza Zaharrean kokatzearen zergatia, berriz, bertako erabiltzaileentzat irisgarritasuna bermatzea da, Udaletik esplikatutakoaren arabera; kontuan izanda pertsona nagusiak direla anbulatorioa gehien erabiltzen dutenak.