'Go!azen transmedia' eta 'JarriOn', Euskarazko 2deo laborategiaren lehen fruituak

Ubane Madera 2018ko mar. 21a, 11:10

Euskarazko ikus-entzunezkoen sormena sustatzea helburu duen 2deo egitasmoaren lehen emaitzak ezagutarazi zituzten atzo. Orain arte landu diren hiru proiektuetatik bi aurkeztu zituzten, JarriOn eta Go!azen transmedia. Ekitaldian parte hartu zuten Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak eta Luistxo Fernandez CodeSyntax-eko arduradunak lehenengo emaitzen irakurketa baikorra egin zuten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den urtean ekin zion euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa hauspotu nahi duen proiektu esperimentala jorratzeari. Abenduren 2an aurkeztu zen 2deo egitasmoa eta atzo eman zuten lehen proiektuen berri.

Markel Olano diputatu nagusiak azaldu duenez, laborategia etorkizuneko politika eta azpiegitura estrategikoak garatzeko Etorkizuna eraikiz ekimenaren barruan kokatzen da: "Espazio fisiko bat izango du, baina garrantzitsuena bertan izango diren proiektuak dira". Elkarlanerako gunea izango da laborategia eta Donostiako Tabakaleran kokatuko da.

Gazteak eta euskara

Gazteen artean ikus-entzunezko edukiek duten garrantzia ikusita 2deo egitasmoarekin publiko horretara heldu nahi da. Euskararen normalizazio prozesuan "gazteek euskararekin duten harremana" nabarmendu du Markel Olanok eta esan duenez, proiektuaren ardatza "hizkuntzaren biziberritze eta biziraupena" da. Horri lotuta, adierazi du erregistroak garrantzia handia duela; izan ere, zehaztu du, euskara "eskola hizkuntzarekin" eta ondorioz, testuinguru formalekin identifikatzen dutela, eta aldiz, ez informaletan "nagusitasuna" gaztelerak hartzen duela.

EHUk Gipuzkoako 2.500 gazterekin egindako inkestaren berri ere eman du: "Baikorra da irakurketa, baina edukien kontsumoei dagokionean, %70 gazteleraz kontsumitzen dute, %20 euskaraz eta %10 ingelesez". Datu horiei lotuta, azaldu du "Estatu ikuspegitik gazteen kultura kontsumoa %73an online" egiten dela, datu hori sektoreak bizi duen transformazioaren adierazgarri delarik. "Transformazio horrek esan nahi du sorkuntza behar dugula kultura hau aldatzeko. Horregatik du ikuspegi berritzailea 2deo-k", nabarmendu du Markel Olanok.

2deo

2deo lankidetzan garatutako proiektua izan da, sektorearekin hitz egin ostean sortu dena. Diputatu nagusiak horrela azaldu du proiektuaren hastapen prozesua: "Dinamizazio gune bat faltan botatzen zuen sektoreak eta sektoreak hasiera-hasieratik parte hartu du. Hemendik aurrera ere sektorearekin egingo da lan, uste dugulako ekosistema bat badagoela dagoeneko Tabakaleran". Erabaki nagusiak orain hartuko direla zehaztu du Markel Olanok, hala ere, ez du martxan jartzeko data zehatzik eman.

Hiru proiektu modu esperimentalean

Gaurko ekitaldian, orain arte landu dituzte hiru proiektu esperimentaletatik bi aurkeztu dituzte: JarriOn eta Go!azen transmedia aplikazioak.

'Go!azen transmedia'

Maite Iturbe EITB-ko zuzendari nagusia "harro" azaldu da Go!azen transmedia-rekin lortutako emaitzekin. Proiektu hau burutzeko elkarrekin lanean izan dira Aldundia, Eusko Jaurlaritzako kultura saila, Goiena Komunikazio taldea, Mondragon Unibertsitatea eta Pausoka ekoiztetxea -telesailaren ekoizlea-: "Diskoak, antzerkia, casting-a, bideo-klipak, merchandising-a, spinoff-a, eta Bagoaz saioa bera, horiekin oinarri egin da transmedia proiektua".

Zenbakiei dagokienez, aplikazioa arrakastatsua izan da. Iturbek azaldu duenez, 25.000 jaitsiera izan ditu dagoeneko: "Zenbaki hori inportantea da, EITBko inportanteenetako bat". Deskarga kopuruaz gain, astero 200.000 aldiz klikatu dela nabarmendu du EITBko zuzendari nagusiak; "oso datu ona" beraz.  Bestalde, nahieran ere oso datu onak eskuratzen ari dela esan du Maite Iturbek. Orain aplikazioa hobetzeko lanean ari dira eta erronka seriea ez dagoen bitartean ere aplikazioa bizirik mantentzea izango da.

Bestalde, EITBko edukiak laster Smart TV-n egongo direla jakinarazi dute; proiektu hori garatzen ari dira une honetan marka ezberdinekin; Panasonic, Philips, Samsung...

'JarriOn'

Euskarazko ikus-entzunezkoak batzen ditu JarriOn aplikazioak. Horrela azaldu du, proiektuaren arduraduna den CodeSyntax enpresako Luistxo Fernandezek aplikazioa sortzeko ideia nola jaio zen: "Euskarazko ikus-entzunezkoen laborategia ideia bultzatzen ari ziren hasiera horretan eta esperimentu bat aurkeztu genuen proaktiboki. Laguntza horrekin garatu da proiektua". Poltsikoko telefonoa eta telebista, bi gailuak lotzea bilatzen du aplikazio honek, ikus-entzunezkoak ikusteko era berrietara egokituz, bideoak nahieran eskainiz.

Euskarazko ikus-entzunezkoa eta telefonoa batzeko modu ezberdinak daude. Smart TV motako telebistarekin lortu daiteke hori, Luistxo Fernandezen arabera Hego Euskal herrian %40ak dauka horrelako telebista bat. Beste aukera bat gailu berezi bat izatea litzateke: Amazon fire tv, Apple tv, Google Chomecast, Roku... Luistxo Fernandezen arabera horien artean Chomecast da erabilgarriena. "39 euro bakarrik balio du Chomecast-ak eta mugikorreko app-en bidez kontrolatzen da. Mandoa da telefonoa eta telebista Internetekin konektatzen dute. Horietako bat da JarriOn", esan du CodeSyntax-eko garatzaileak.
 
Momentuz soilik Android mugikorretarako dago eskuragarri JarriOn aplikazioa. Hala ere, Fernandezek nabarmendu du merkatuaren %90a hor dagoela. Google Play-n sartuta deskargatu daiteke.
 
Elkarlanean egindako proiektua da JarriOn eta honako hauek hartu dute parte: Goiena Komunikazio Taldea, EITB, 28 kanala, Berria telebista, GITB, Erlo TB, Bertsoa, Dantzan, Hamaika telebista, TBX, Oizmendi TB, Gaztezulo, Sustatu eta bi youtuber Nerea Alias eta Aiora Mugika.
 
Markel Olano diputatu nagusiak eman dio amaiera aurkezpenari: "Proiektu zehatzak dira ikusi ditugunak; sistema osoan osagarria izateko asmoa du 2deo-k. Duplizitaterik ez, lehiarik ez... sistema osoarekin egingo da lan 2deo-n".