15 bikote lehiatuko dira Soraluzeko Lehen Frontenis Txapelketan

Ubane Madera 2018ko mar. 22a, 11:52

Frontenis Txapelketa Mistoaren antolatzaileetako batzuk.

15 bikotek eman du izena zapatuan Soraluzen jokatuko den Lehen Frontenis Txapelketa Mistoan. Horien artetik, sei bikote kanpotik etorriko dira. 09:00etan hasiko da txapelketa eta egunean bertan bukatuko da. Aurreikuspena da finala 20:00ak aldera izatea.

Zapatuan, Arane kiroldegiko frontoian jokatuko dute Soraluzeko Lehen Frontenis Txapelketa Mistoa. Udalerritik kanpoko sei bikote bertaratuko dira eta beste pare bat bikote daude osatuta soraluzetar batez eta kanpoko beste kide batez. Gainontzeko bikoteak soraluzetarrez bakarrik daude osatuta.

Guztira ,15 bikotek lehiatuko dira  txapelketan. Gustura daude antolatzaileak izen-ematearekin. “Luxua da”, adierazi du Amaia Ariznabarretak, antolatzaileetako batek. Batez beste, 23-47 urte bitartekoak dira lehiatuko diren jokalariak.

Egun guztiko jarduna

Frontenis Txapelketa Mistoa 09:00etan hasiko da. Hain justu ere, 09:00etatik 15:00ak bitartean jokatuko dute taldeen fasea. Partiduak 22 tantotara izango dira, eta asko jota 20 minutuko iraupena izango dute.

15:00ak inguruan, berriz, pare bat orduko geldialdia egin eta atzera ere 17:00etan ekingo diote txapelketari. Orduantxe hasiko dira final-laurdenak, gero finalerdiak, eta azkenik finala. “Aurreikuspena da finala 20:00ak aldera izatea”, esan du Ariznabarretak. Hark gaineratutakoaren arabera, antolatzaileek egingo dituzte epaile lanak txapelketa osoan.

Eta bukatzeko, sari banaketa egingo dute. Izan ere, lehenengo eta bigarren geratzen diren bikoteendako sariak izango dira: lehenengoarendako txapela, garaikurra eta oparia eta bigarrendarendako garaikurra eta oparia.