Hain justu ere, Ezoziko Futbol Zelaian da Soraluzeko eta Andoaingo taldeen arteko norgehiagokarako hitzordua, zapatuan, 11:30ean.
Garrantzia handia duen partidua da berau, soraluzetarrek irabaziz gero, bost puntuko aldea aterako liokete-eta sailkapeneko bigarrenari.
Honako taldeek dihardute lehian Txapeldunen Ligan, martxo hasieraz geroztik: Andoaingo, Donostiako Añorgako, Antiguoko, Alegiako, Debako eta Soraluzeko taldeak. Txapeldunen liga maiatzaren 5ean bukatuko da. Hain justu ere, oraingo zapatuan hasiko da ligaxkaren bigarren buelta.
Gorengoak eta beste
Sorako gainontzeko taldeei dagokienez, berriz, gorengo mailakoek Idiazabalgo taldearen kontra dute partidua, zapatuan, 15:30ean. Hiru puntuko aldea dago bi taldeen artean, Soraren mesedetan; hain justu, 8. postuan dago etxeko taldea eta 10. postuan, berriz, Idiazabalgoa.
Eta domekan, alebin mailakoek Aretxabaletako UDA hartuko dute, 11:00etan. Eta jubenil mailakoak Bergarara joango dira, 17:30ean partidua jokatzeko.