Elexpuruk euskarak Sardiniako hizkuntzan eta toponimian laga dituen balizko aztarnak ikertu ditu eta ia bost mila izeneko zerrenda osatu du “guztiz edo zatiz bat datozenak Euskal Herriko beste batzuekin: Arana, Arga, Arratzu, Ois, Urrosolo…”.
Hipotesia
Hipotesi bat ere planteatu du: Mesolito Aroan (duela zortzi edo hamar mila urte) migrazio bat izan zela Euskal Herria-Iberiatik Sardiniara, eta biztanle haiek osatu zutela islako populaketaren oinarria. Beraz, egileak baiezkoaz erantzuten dio liburu azaleko galderari: “bai, badira euskararen aztarnak Sardinian”. Eta aipatutako Mesolito Aroko migrazioa jotzen du horren eragiletzat, baina Neolito Aroan gertatu bide zen ekialdetiko etorria guztiz baztertu gabe, euskararentzat zein paleosardinierarentzat. Bere buruari galdetzen dio ez ote diren bi ekarpenen fusioaren emaitzak, batetik migratzaile mesolitikoak (ehiztari-biltzaileak), Euskal Herria-Iberian jatorria dutenak, eta bestetik migratzaile neolitikoak, laborari abeltzainak), mediterraneo ekialdetik etorritakoak”.