Hainbat zerbitzu itxita izango dira bihar

Ubane Madera 2018ko mar. 7a, 13:31
M8ko lanuztearen ikurra.

Geroago eta gehiago dira bihar, eguena, zela edo hala M8ko lanuztearekin bat egingo dutenak. Bizikale elkarteko hainbat merkatarik, esaterako, euren saltokietako ateak itxi egingo dituzte 12:00etako elkarretaratzera joateko; Kooperatiba, berriz, 11:30ak arte egongo da zabalik, udaletxea 11:00ak arte, ludoteka itxi egingo dute eta besteak beste, kiroldegia ohi baino ordubete lehenago itxiko dute.

Bizikale elkarteko merkatariei dagokienez, 12:00-13:00ak bitartean itxiko dituzte hainbatek saltokiak, eguerdiko elkarretaratzera joan ahal izateko. Hortik aparte, saltoki bakoitzak bere erara egingo du lanuzte deialdiarekin. Adibidez, batzuk arratsaldez ere itxi egingo dituzte saltokiak.

Kooperatiba, udaletxea eta ludoteka

Horixe da Kooperatibako langileek egingo dute, hain zuzen ere. 08:30etik 11:30ak bitartean zabalduko dute, eta hortik aurrera (arratsaldea barne) itxita izango da berau.

Udaletxeko langileei dagokienez, harrera zerbitzua 11:00ak arte izango da zabalik; eta gero bakarrik gizonezkoak geratuko dira lanean; beraz, harrera bera itxi egingo dute.

Ludotekari dagokionez, itxita izango da bihar, eta ondorengo egunotan emakumeen gaineko gaia landuko dute bertan.

Eta Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteko kideei dagokienez, berriz, bertako emakumezkoek lanuztea egingo dute, 11:00etatik 13:00etara; eta grebaren jarraipena Egoitz Unamunok egingo du.

Igerilekua eta zaharren egoitza

Kiroldegiari begiratuta, berriz, igerilekua itxi egingo dute 11:45etik 12:30era, justu ordutegi horretan dagoen soroslea emakumezkoa delako. Eta horrez gainera, arratsaldean ordubete lehenago itxiko dute, hau da, 20:30ean.  

Mesedeetako zaharren egoitzari dagokionez, berriz, denak emakumezkoak izanda, lankideei kalterik egin nahi ezta, egingo dutena da 12:00etan ordu laurdeneko geldialdia egin, eta lazo morearekin joan lanera.