Plaentxi Herri Eskolako eta Institutuko langile askok bat egingo dute M8ko grebarekin

Ubane Madera 2018ko mar. 6a, 10:09
Eskolako sarreran, neska-mutikoak eta gurasoak, gaur, martitzena.

Hasi dira Martxoaren 8rako deitutako grebarekin atxikimenduak azaleratzen. Esaterako, Plaentxi Herri Eskolan jakinarazi dute, besteak beste, ez dutela jangela zerbitzurik emango eta Institutuan, berriz, 11:00etatik 13:00etara irakasle askok greba egingo dute. Anbulatorioan, berriz, egunotan erabakiko dute zer egin, eta baita Bizikalen eta udaletxean ere.

Plaentxi Herri Eskolari dagokionez, ohar bidez jakinarazi dute eguenean, 11:00etatik 12:30ak bitartean “eragin handia” izango duela grebak; eta ohartarazi dute egun horretan ez dutela jantoki zerbitzurik emango, itxita egongo dela berau.

Institutua

Soraluzeko Bigarren Hezkuntzako Institutuari dagokionez, berriz, jakinarazi dute klaustroan erabaki zutela nahi duenak egingo duela eguenean lanuztea; 11:00etatik 13:00etara egitea da, hain justu, proposamena “12:00etan egingo den elkarretaratzera ere joateko”, esan dute bertatik. Edozein modutan, jakin badakite irakasle askok bat egingo dutela lanuztearekin, gizonezko bat ere tarteko dela, oraingoz.

Horrekin batera, esan dute 3. eta 4. mailako ikasleak herrian dauden ekintzetan parte hartzera animatuko dituztela, 12:00etako elkarretaratzean, bereziki; eta 1. eta 2. mailako ikasleak, berriz, bertan geratuko diren arren, beste urte batzuetan moduan, Martxoaren 8a izango dutela aztergai eskolan

Bizikalek gaur erabaki

Herriko bestelako zerbitzuei begiratuta, berriz, Bizikalek, Soraluzeko merkatarien elkarteak 15:00etako batzarrean aztertuko du gaia; eta anbulatorioko langileek ere egunotan erabakiko dute zer egin. Gauza bera egingo dute Soraluzeko Udaletxeko langileek ere.

Grebarako arrazoiak

Lau arrazoi helarazi dituzte eguenean greba deitzeko:

1-      Eredu ekonomiko honek zapaltzen gaituelako

2-      Indarkeria matxistak jipoitzen gaituelako

3-      Arrazakeriak akatzen gaituelako+

4-      Kultura patriarkala baztertu, objektu bihurtu eta estereotipatzen gaituelako

Greba horrekin atxikimendua helarazi dute, baita ere, EH Bildu alderdiak eta LAB sindikatuak, udalerrian kartel bitartez. Eta oro har, Euskal Herriko gehiengo sindikalak, ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta EHNE sindikatuek lanuzterako deia erregistratuta dute Bilboko Lan Ordezkaritzan.

Lanuzteak

Oro har, eta Euskal Herriko mugimendu feministak deituta, lau orduko lanuzteak daude iragarrita, goiz eta arratsalderako: 11:00etatik 15:00etara, eta 18:00etatik 22:00etara.

Mugimendu feministaren helburu orokorra da agerian uztea emakumerik gabe herria gelditu egingo litzatekeela.

Atxikimendua adierazteko

Grebarekin bat zela egin azaltzeko honako proposamenak egin ditu, Soraluzeko kasuan, Korner Moreak:

-          Lantokietan eta ikasgeletan lanuzteetara batuz.

-          Herri eta hirietako mobilizazioetara joanez. Bi hitzordu nagusi: 12.00 eta 19:00.

-          Amantala edo beste edozein tresna balkoitik eskegiz, zaintza lanak azaleratzeko.

-          Merkatuan kontsumitzeari utziz, batez ere langileen esplotazioaren ikur diren enpresa handietan, objektutzat hartzen gaituztenak.

-          Greba zabalduz eta zure eskualdean antolaketan parte hartuz. Mobilizazioetan zure eremuko aldarrikapenekin blokea antolatu dezakezu.

-          Zaintzeari utziz, lan hori beste emakumeen esku utzi gabe. Besteek egin dezatela.

-          Edonon zaudela besoko morea jantziz.