'Soraluze, mugituz!' abiatzeko gertu

Ubane Madera 2018ko ots. 26a, 09:56

Soraluze, mugituz! ekimenaren bultzatzaileak, Elkartegian.

“Lehenagotik abian zeuden kirol jarduera batzuei berriak gehitu, antolatzaileen artean indarrak batu eta ekimen bateratua sortzearen ideia bururatu zitzaigun”. Horixe da Soraluze, mugituz! ekimenaren abiapuntua.

Ekimen horrek hainbat helburu ditu: kirola bultzatzea, batez ere, emakumeen eta gazteen artean; parekidetasuna; kirolzaletasuna; herriko elkarteen arteko elkarlana; errespetua…

Bi hiletik behin jarduera bat

 

Eta horiek lortzeko edo garatzen laguntzeko, indarrak batu, guardasol beraren aterpean elkartu eta Soraluze, mugituz! izena baliatuta, bi hiletik behin herrian kirol jarduera bat antolatuko dute; lehenagotik egiten ziren batzuei hiru berri gehituta: martxoan, Frontenis Misto Txapelketa egingo dute (berria); maiatzean, Alejandro Rodriguez Memoriala, herri-krosa (berria); uztailean Iñaki Ruiz lasterketa; irailean, Marraskilo Tour mendi-martxa eta urrian, Soraluze Urban Traila (berria).

“Egutegi horrekin, kirolari dagokionez, maila onean ipiniko ginateke. Bi hilean behin zerbait izateak, eta hori guztia bateratzeak indarra emango dio batak besteari. Kirolarekiko zaletasun hori sortzen baduzu… asko da”, esplikatu dute antolatzaileek. Horien artean, izen batzuk aipatzearren, honakoak dabiltza Soraluze, mugituz! ekimena sustatzen:  Jose Luke eta Jokin Martinez, atletismoan; Gorka eta Xabier Tardio eta Xabier Arribillaga mendi-taldean, David Borinaga, Amaia Ariznabarreta, Anartz Mujika eta Ainara Muga frontenisean; eta Koldo eta Urko Azkorbebeitia, Pablo Galarraga eta Javi Gonzalez Iñaki Ruiz lasterketan.

Herrikoiak izan nahian

Kirolarekiko zaletasuna bultzatu nahian, besteak beste, kirol jardueretan parte hartzeko izen-emate garestiena 15 eurokoa izango da. Ahaleginduko dira beste guztiak merkeagoak izaten. Eta ekimenak bateratzeari dagokionez zera azaldu dute: “Egitasmo bateratua egitearen arrazoietako bat da saiatzea denak bateratzen, baliabideak elkarbanatzen eta gastuak murrizten”.  Hori horrela, antolatutako jarduerak “nahiko ekonomikoak dira”, beste leku batzuetakoekin konparatuta. “Ez dago interes ekonomikorik atzean, gastuak ordaintzea da asmoa; gainera, nahi dugu herrikoiak izatea, nahi duen guztiak parte hartzea”.

Oreka ipar

Parekidetasuna edo emakumeen eta gizonezkoen arteko oreka bultzatzeko, berriz, kirol-jarduera guztiak mistoak izango dira. Beraz, “sari berdinak egongo dira, neskendako zein mutilendako; berdintasuna dugu helburu eta ez dugu desberdintasunik egin nahi; sari berak ematea da egin genezakeen gutxienekoa”.

Gazteak erakartzeko

Bestalde, Soraluze, mugituz! ekimena kirolarekin lotura duten talde eragileek bultzatukoa den arren, herriko bestelako elkarte batzuekin ere harremanetan dihardute: “Guraso elkartearekin, adibidez, gazteen artean kirol-jarduera bultzatzeko. Eurek egitasmo asko dituzte abian, hezkuntzatik, baina hezkuntza komunitarioa denez, eurekin harremanetan izango gara euren ideiak jasotzeko. Horrez gainera, kiroletako, berdintasuneko eta ingurumeneko teknikariarekin koordinatzen ari gara. Eta Udalarekin ere bai, batzorde desberdinekin”, adierazi dute.

Bestalde, birziklatzeko beharra ere aintzat hartu dute: “Kirol jardueretan sortzen ditugun hondakinak berrerabiltzeko. Adibidez, 1.000 edalontzi pasa gastatu ziren goiz batean Marraskilo Tourren. Kontua da berrerabiltzea, gauzak partekatzea… Ingurumen teknikariarekin harremanetan jarriko gara, hondakinak murrizten joateko”.

Etorkizunerakoa

Horiek horrela, denboran irauteko pentsatutako proiektua da Soraluze, mugituz!: “Nahi dugu hemendik 20 urtera, Memorial Atxarekin eta halako gauzekin gertatutakoa ez gertatzea: belaunaldi bat egotea gauzak antolatzen, eta belaunaldi horrek antolatzeari lagatzen dionean hutsunea sortzea. Ez dugu  etorkizunean halakorik gertatzerik nahi. Horretarako bateratzen gara. Memoria idazten dugu. Eta lasterketa-helburu guztiei lotuta ekintzak zehazten ditugu, arduradunak… erregistroa egiten dugu eta zaletasuna sortzeaz gainera, etorkizunean erreleboa ematera datozen pertsonei lagako diegu esplikatuta zer egin, zela egin…”, azpimarratu dute bultzatzaileek.