Beste podium bat, Ander de Luisendako

Ubane Madera 2018ko ots. 20a, 11:50
Ander de Luis Kobaz Koba Trail lasterketaren podium-ean, Zestoan. Argazkia: Ander de Luis.

Podiumera igo zen Ander de Luis korrikalari soraluzetarra domekan, Zestoan korritu zen Kobaz Koba Trail izeneko mendi lasterketan. 187 korrikalarik parte hartu zuen proba horretan eta plazentziatarra lehen hiru onenen artean sailkatu zen.

13 kilometroko ibilbidea izan zuen aurrez aurre soraluzetarrak domekan. Eta 1:11:28 izan zen ibilbidea egiteko baliatu zuen denbora, lehenengo helmugaratu zenarekiko hiru minutuko aldearekin.

Ander de Luisek esandakoaren arabera, “gogorra izan zen, lokatzarengatik. Baina antolakuntza aldetik oso ondo egon zen eta oso lasterketa polita izan zen”.

Asturiasera

Oraingo domekan lehiatuko da atzera ere korrikalari soraluzetarra. Zarautzen, oraingoan, lehen edizioa izango duen 7,5 kilometroko lasterketan jardungo du. “Motza egin nahi dut, ze hurrengo astean Cangas de Onisera noa korrika egitera”, esan du.

Hain zuzen ere, Asturiasen 12 kilometroko lasterketan parte hartuko du; Kangas Mountain du probak izena eta martxoaren 3an egingo dute.