Sorako infantil mailako taldeak Txapeldunen Liga jokatuko du

Ubane Madera 2018ko ots. 16a, 16:03

Sorako infantil mailako taldea. Argazkia:Sora.

Gipuzkoako Liga Txapelketako infantil mailako talde onenek beste ligaxka bat jokatuko dute euren artean. Tartean soraluzetarrek. Sei talde lehiatuko dira: Andoaingo, Donostiako Añorgako eta Antiguoko, Alegiako, Debako eta Soraluzeko taldeak. 

Hain justu ere, oraingo zapatuan jokatuko dute Sorako infantil mailakoek ligaxkako lehen partidua. Andoaingo Euskalduna taldea izango dute aurrez aurre. Haien etxean da hitzordua, 10:45ean.

Sailkapenean bigarren

Sorak Txapeldunen Ligan jokatuko du bigarren geratu delako sailkapen orokorrean. Bestalde,  Txapeldunen Liga irabazten duen futbol taldeak, ez du izango mailaz igotzeko aukerarik. Edozein modutan, talde irabazlea Gipuzkoako infantil lehen mailako txapelduna izango da.

Sorako gainontzeko taldeei dagokienez, berriz, guztiek ere bihar zapatua, jokatuko dituzte partiduak. 10:00etan, alebin mailako multikirolekoek dute hitzordua, etxean, Eibar bisitari dutela.

Mondraren kontra

Jubenil mailakoek, berriz, Aretxabaletako UDA hartuko dute, 11:30ean. Eta eguerdira arteko jarduna bukatzeko, kadeteek Oñatin jokatuko dute, Aloñaren kontra, 13:30ean.

Arratsaldean izango du txanda, berriz, Gorengo mailako taldeak. Eta Arrasateko Mondra aurkari. 16:30ean hasiko da partidua Ezoziko futbol zelaian.