Hain justu ere, izena emateko lau egun zehaztu dituzte: otsailaren 19an, 20an, 21ean eta 22an, 18:30etik 19:30era, Pil-pilean Euskara Elkartearen lokalean hartuko dituzte bazkide izan nahi dutenen datuak.
10 euro ordaindu beharko dute nagusiek, eta 5 euro, berriz, gazteek. Horrekin batera, jakinarazi dute aurten kamisetak berritzea nahi duenak 12 eurotan eskuratu ahalko dituela.
Espeleologia eta asteburu-pasa
Martxoaren 4an Zuhaitz Egunarekin hasiko du Soraluzeko Mendi Taldeak aurtengo mendi-irteeren egutegia. Eta bukatu, urrian bukatuko du, ohi duen moduan, baba-jana eginez.
Bien bitartean, beste 13 irteera egingo dituzte, tartean eta berritasun modura, espeleologia irteera ere egin nahi dute, antolatzen dihardutena. Eta horrez gainera, asteburu-pasa ere egingo dute, aurten Hondarribian.
Egun osokoak
Soraluzeko Mendi Taldeak antolatutako irteera guztiak domeketan izango dira. “Federaziokoak kenduta (bi), gainontzekoak dira egun osoko irteerak. 09:00etan irten eta 17:00ak aldera gauden tokitik irten eta buelta egiten dugu”, esplikatu du Itziar Agirrek, ekimenaren antolatzaileetako batek.
Egingo dituzten irteeren adibide batzuk emate aldera, aurten, besteak beste, honako mendiak egingo dituzte: Beizama (Urola-Kosta), Orexa-Urizar (Tolosaldea), Adarra (Hernani), Otoio talaia (Lekeitio) eta Atxarte-Urkiolagirre (Bizkaia).
Berez, irteera horiek umeekin egiteko pentsatuta daude (umea arduradun batekin joanda), baina “umerik ez duenarendako ere zabalik dago ekimena; etortzen dira halako batzuk”, azpimarratu du Agirrek.
Hobe bazkide
Era berean, ez dago zertan bazkide egin mendi irteeretara joateko; ezta mendi irteera guztietara joan beharrik ere ez dago. “Baina bazkide ez direnek gehiago ordaintzen dute; adibidez, bi irteeratara etortzen denari hobeto irteten zaio ja bazkide egitea”, esplikatu du Itziar Agirrek.