Finala iristeko gogotsu

Ubane Madera 2018ko ots. 15a, 16:20

Ane Fidalgo frontoian, atzo, eguaztena.

Eskolarteko Pilota Txapelketako finalerako bi egun eta erdi besterik falta ez direnean, Ane Fidalgo Soraluzeko pilotaria gogotsu dago partidua jokatzeko. Zapatuan, Ataunen, 17:15ean egin diete hitzordua soraluzetarrari eta antzuolarrari.

Kiroldegian bat egin zuten atzo, eguaztena, Ane Fidalgok eta Leire Galeanok. Antzuolako taldearekin jokatuko dute biek ala biek Eskolarteko Pilota Txapelketako finala, etzi, zapatua, eta elkarrekin entrenatu zuten.

Aurrez aurre, Amezketako bikotea izango dute zapatuko jardunaldian: Garazi Alkain eta Janire Goñi. Soraluzetarrak eta antzuolarrak irabazi ezkero, Eskolarteko Pilota Txapelketako alebin mailako txapeldunak izango dira.

Faboritoak, baina...

Soraluzetarrak esandakoaren arabera, ja urduritasunak albo batera lagata ditu, eta partidua jokatzeko gogoz da.

Soraluzetarra eta antzuolarra faboritoak dira hasiera batean, ligaxkan Amezketako bikotearen kontra jokatu eta irabazi egin zieten-eta; edozein modutan partiduak (eta finalak gehiago) jokatu egin behar dira, beraz, zapatuko hitzordua bukatu arte itxaron behar. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.