"Egia da Soraluzek kristolako bizitza duela"

Ubane Madera 2018ko ots. 15a, 11:31
Xabi Zabala Pil-pileanen lokalean. Argazkia: Fernan Oregi.

Duda barik, Xabier Zabalak sortutako doinurik ezagunena Pirritx eta Porrotxen Maite Zaitut kantuaren musika da. Hori, baina, “gerizpean” lan egiten duen musika-egilearen sorkuntza oparoaren adibide nimiño bat besterik ez da. 

Zer da Pirritx eta Porrotx edo Reala modukoendako musika sortzea?

Oso sentsazio arraroa da. Nik egindako abestiak dira baina beste batzuk intrepretatzen dituzte. Bigarren planoan zaude, eta oso eroso sentitzen naiz hor. Polita da pailazoen abesti batek horrelako bidea egitea; eta Maite Zaitut kantuaren kasuan, gainera, bidea ez zen izan irratitik herrira, baizik eta kontrako prozesua izan zen: herritik egin zen ezaguna. Polita da ikustea norberaren lana jendeak kantatu eta gozatu egiten duela… oso polita da. Edozein modutan, azkenean niretzat musika musika da.  Inportanteena da jakitea oso ondo zertarako egiten ari zaren. Enpatizatzea. Pailazoendako, adibidez, abiapuntua umeak izanik ere, oso garbi nuen “produktuak” familiarra izan behar zuela; gurasoek, azken batean ere entzungo dituzte abestiak umeekin… eta hori  kontuan hartu behar duzu. Realarentzat eskatu zutenean kantu bat Anoetan jartzeko, prozesu berori egin nuen: irudikatu nuen Anoetan eserita nagoela eta pentsatu nuen zelako abestia gustatuko litzaidakeen niri entzutea Reala animatzeko.

Egile moduan, zer duzu gustukoen sortzea?

Oso eroso sentitzen naiz orkestrarendako eta bandentzako idazten. Oso gustura egin nuen, adibidez, Korrontzirentzat enkargua. Bilboko Aste Nagusian, egokitu nituen Korrontziren lanak Bilboko orquestra sinfonikoarekin ere jotzeko, Guggenheimen aurrean. Halakoak ere oso gustuko ditut.

Plazentzian gabiltza zuri elkarrizketa egiten, izan ere, baduzu harremana Soraluzerekin…

1988an hasi nitzen nire harreman pertsonalarekin, gaur egun nire emaztea dena. Soraluzetarra da.

Zela ikusten du zarauztar batek gure herria?

Oso kuriosoa da. Ni etorri ninzenean, errepideak ez ziren errepideak, errepideak oinezkoenak ziren, eta pentsatu ere ez bozina jotzerik!!! Kuriosoa da, baita ere, jendeak zela fitxatzen zaituen… eta gero etxeak! Alde batera etxe bat zen 3. pisua eta beste aldera 8. pisua, mendia zegoelako. Nik horrekin flipatu egiten nuen. Eta aldapak… Baina egia da kristolako bizitza duela eta kanpotik etorrita oso eroso sentitzen zarela hemen. Oso giro ona dago eta oso gustura etortzen gara.