Xabier Zabalaren hautagaitza guztien gaineko informazioa guztia hemen begiratuta eskura daiteke: http://www.premiosmin.com/candidatura/xabier-zabala-garcia; botoa emateko, berriz, alta eman beharra dago, baina oso erraza da.
Soraluzetarrak ere gonbidatuta daude bozketan parte hartzera. Izan ere, lotura handia du Soraluzerekin Xabier Zabalak berak. Bertako emaztea izaki, sarri etortzen da bisitan, eta estimatua du udalerria.
Disko erlaxagarria
12 korte instrumentalez osatuta dago su-geldoan landutako Brisa diska. Azaroan kaleratu zuen Xabier Zabalak (Zarautz, 1967). Eta entzun dutenek diotenez, “disko lasaia eta erlaxagarria” da, “gustura entzuten dena”. “Brisa da oso intimoa, pertsonala”, dio, berriz, egileak. Izan ere, bere-berea duen lehen diska da hau; 20 urtean “besteentzat hainbeste lan” egiten ibili den sortzaileak, “etxean bakarrik geratzean inolako laneko premisa-presiorik gabe”, une horretan sentitzen duena, buruan duena adierazteko baliatu du; eta halako bizitza musikal oparoan bizitakoa eta landutakoa deskribatu eta transmititu gura duen lana kaleratu du Zabalak, new age estiloan, berezkoa duen hizkuntzarekin: musikarekin.
Erabat modu pertsonalean
Grabazioa bera ere erabat modu pertsonalean landu du, gainera: “Nola sortu da hau dena? Nire estudioan, neuk dena eginez eta grabatuz. Asmoa zen sortu zen moduan azaltzea. Prozesuaren hurrengo fasean, Victor Sanchezekin Donostiako Elkar estudioan egin nituen nahasketak; eta masterizazioa Los Angelesen, After Hours estudioan egin dugu. Horrela sortu zen Brisa”, kontatu du hark. Diskoaz aparte, bideoklipa ere grabatu du: Itsasontzia, lehenago sortutako eta entzuleen artean arrakasta handia izan duen kantua oinarri duena.
Diskoa atera eta plataforma digitaletara igota dago. Azken fasea izango litzateke zuzenekoak egitea; hori izango da udazken aldera. Errekurtso teknologiko bisualak izango ditu, jendeak musika entzun bitartean ikus dezan nondik nora doazen konposizio guztiak”, aurreratu du hark.
Bi diskarekin ere lanean
Hori guztia egingo du Xabier Zabalak epe motzera, bestelako lan askorekin tartekatuta; izan ere, urtez urte berarengana jotzen dute artista, talde, banda… ezagun ugarik musika enkarguak egiteko. “Epe motzera: bi diskarekin ari naiz batera: Pirritx eta Porrotxen diska berriarekin eta Korrontziren diska berriarekin. Eta bestelako lan askorekin ere bai: moldaketak, Alex Telloren korto batendako musika, arregloak Bilboko txistularien alarderako, Hernaniko Preludio kontzerturako zuzendaritza musikala, orkestrarako beste obra bat…”. Guztiak ere erronka bezala hartzen ditu Xabier Zabalak, eta gustura asko egin: “Oso eroso sentitzen naiz gauza oso desberdinak egiten. Sentitzen dut bizirik nagoela eta asko ikasten dudala… Denak dira erronkak bezala; oso polita da jende berria ezagutzea, gozatzea…”.