Inprobisatutako kalejirak, dantzak, barreak… eta mozorrotutakoei irribarre handiekin begira zebiltzan herritarrek hartu dituzte goiz-eguerdian erdiguneko kaleak.
Karroza modukoak
Traineruak (batzuk bost metrokoak) Plaza Zaharretik Santa Ana kaleraino; balea harrapatzen batzuk, bandera harrapatuta beste batzuk, bozgorailu eta guzti elkarri animatzen gehienak, eta arraintxoak harrapatuta ere bazituztenak… guztiak ere majo ibili dira herria girotzen.
Pescasorako kapitaina ere Soraluzera bertaratu da gaurkoan, eta biolin jole eta iceberg eta guzti irudikatu dute Titanic itsasontziaren hondoratzea beste kuadrilla batek, detalle guztiak kontuan hartuta.
Itsaskiak eta bestelakoak
Horien guztien lagun izan dira medusak, txipiroiak, olagarroak, piratak, urpekariak, arrantzaleak, tabernariak… eta baita itsasoarekin zerikusia izan barik ederki mozorrotuta ibili diren bestelako herritarrak ere. Ateri samar eutsi dio, gainera, tarte luze baten euriak arratsaldeko lehen ordura arte; eta guztien artean Aratuste giro bete-betea zabaldu dute Soraluzeko kaleetan.
Gero, asko izan dira etxean barik lagunekin bazkaldu dutenak, elkarteetan zein jatetxeetan. Eta arratsalde-iluntzean atzera ere kalerako bidea hartu dute.
Lisker taldeak girotu du iluntzeko dantzaldia, karpan, bertaratutakoen oinak majo astindu araziz. Hortik aurrerakoa, berriz, gauaren iluntasunak babestuko du.