Ez ohiko Euskal Aratosteak irudikatu zituzten atzo, barikua, Plaentxi Herri Eskolako neska-mutikoek. Ez ohikoak izan ziren, egualdiak baldintzatuta, eskolako patioan irudikatu zituztelako, ikaskideen eta irakasleen aurrean. Horrek, baina, ez zuen galarazi zaku-zaharrek, zanpantzarrek eta abarrek euren dantzekin, jantzi koloretsuekin, txintxarriekin eta kanpaiekin giroa epeltzea, Aratuste zaporea emanez.
Soraluzeko Musika Eskolako hainbat musikariren laguntzarekin eskolako pasilloetan kalejira eginda irten ziren patiora eskolako neska-mutikoak. Han, estalpean elkartu eta musikarien doinuekin eta irakasleen argibideen laguntzarekin erakutsi zituzten horrenbestetan entseatutako dantzak. Bakoitzak bere mailakoekin batera.
Gero Plaza Zaharrean
Eskolakoak eginda, gehienak Plaza Zaharreko karparen babespean elkartu ziren, guraso elkarteak prestatutako txokolate gozoarekin barrenak berotzeko.
Ondoren, Obaneuke taldearen erritmoekin astindu zituzten oinak. Guztia ere babespean egitera bultzatu zuen eguraldi kaskarrak, zaparrada mardulak eta haize boladak tarteko.