Ane Fidalgo: “Partidu gogorra izango da finalekoa”

Ubane Madera 2018ko ots. 9a, 12:00
Ane Fidalgo eta Leire Galeano.

Pozik dago Ane Fidalgo Ezenarro (Soraluze, 2007). Ez da gutxiagorako ere. Izan ere, Eskolarteko Pilota Txapelketako finalera ailegatu da, alebin mailan. 20 pilotari gazteren artean, berak eta Leire Galeano antzuolarrak osatutako bikoteak jokatuko du finala, Ataunen otsailaren 17an, Amezketako bikotearen kontra.

Antzuolako taldearekin dihardu jokatzen Ane Fidalgok. “Leire Galeanoren entrenatzailea bere aita da, eta hona etorri zen; Ane jokalari ona zela iruditu zitzaion eta hango taldearekin jokatzea proposatu ziguten”, esplikatu du Igor Fidalgok, Ane Fidalgoren aitak.

Partidu gogorra

“Egun batean bera etorri zen hona, pixka bat ezagutzeko, eta partiduak daudenean pixka bat berba egiten dugu”, esplikatu du, berriz, Ane Fidalgok bi pilotarien arteko harremanaz.

Eskolarteko Pilota Txapelketa urtarrilaren 20an eta 27an egin zen, Loiolan (Donostian). “Egun bakoitzean launa-bosna partidu jokatu eta partidu guztiak irabazi egin dituzte Anek-eta. Faboritoak dira. Baina finaleko partidua jokatu egin behar da”, esplikatu du Aitor Atxotegik, Soraluzeko Pilota Taldeko arduradunak.

Hain justu ere, finala Amezketako bikotearen kontra jokatuko dute; ezagutzen dute elkar bi bikote aurkariek, eta soraluzetarrak eta antzuolarrak badakite partidu gogorra dutela aurretik. “Jokatu dugu euren kontra, Eskolarteko Txapelketa ligaxka denez… partidua irabazi egin genuen, baina ezin da fidatu; nahiko onak dira, partidu gogorra izango da”, dio pilotari soraluzetarrak.

Fidalgo eta Galeano bakoitza bere kabuz entrenatuko dira hemendik eta finala bitartean. Urduri dago soraluzetarra hitzorduaren zain, “pixka bat”; “seriotasun handiagoarekin” entrenatuko dela dio bien bitartean Ane Fidalgok.

Hortxe hitzordua, bada: otsailaren 17an Ataunen Ane Fidalgo soraluzetarrak eta Leire Galeano antzuolarrak Eskolarteko Pilota Txapelketako finala jokatuko dute, Amezketako bikotearen kontra.