Sententzia bera ez dute oraindik publiko egin, ezta inputatuei helarazi ere; bai, ordea, haien abokatuei. Eta horrela jakin izan dute hiru soraluzetarrek euren kontrako epaiketaren sententzia: bi, ikusleen artean zeuden herrikideak absolbitu egin ditu epaileak; hirugarrenari, berriz, 1.400 euroko isuna ipini diote.
Gotzon Elizburu da, hain justu, azken hori. Eta sententzia irakurri ez duen arren, uste du epaileak frogatutzat emango zuela desordena publikoa eragin izana, nahiz eta bera ez egon ados erabaki horrekin.
"Arrazoirik ez"
Elizbururen ustez, “ez zegoen zigortzeko arrazoirik”. Soraluzetarrak dio euren asmoa “ez zela desordenak eragitea eta epaileak salatik irteteko esandakoan modu baketsuan” irten zirela; “lekuko izan ziren poliziek epaiketan adierazi bezala. Beraz, isuna gehiegizkoa pentsatzen zaigu”, gaineratu du. (Artikuluaren amaieran irakurgai dago balorazio osoa).
Laguntzarengatik eskerrak
Isunari aurre egiteko moduari buruz galdetuta, berriz, Elizburuk jakinarazi du dagoeneko kopurua batuta dagoela: “Gaztañerre egunean Gaztetxeko barran batutakoarekin, eta urtarrilaren hasieran egindako zozketan batutakoarekin badugu dirua epaiketa gastuei, abokatuen gastuei eta isunari aurre egiteko”.
Zentzu horretan eskerrak helarazi nahi die dirua batzen lagundu dieten herritar guztiei.
Balorazio osoa
“Epaiketan azaldu genuen bezala, gazte militante batzuen aurkako kartzelatze injustuak salatzeko protesta egin genuen Auzitegi Nazionaleko epaigelan. Ondoren arrazoia geneukala garbi geratu zen Espainiako Auzitegi Gorenak gazte horiek absolbitu eta aske utzi zituelako sei hilabetera. Baina esan beharra dago epaiketan azaldu genuen lez, gure asmoa ez zela desordenak eragitea eta epaileak salatik irteteko esandakoan modu baketsuan irten ginela, lekuko izan ziren poliziek epaiketan adierazi bezala. Beraz, isuna gehiegizkoa pentsatzen zaigu. Gure ustez ez zegoen zigortzeko arrazoirik, baina aldi berean ez nau sorpresaz harrapatu”.