Egun bakarrean bukatu da hiru soraluzetarren eta gainerako berrogeita zazpi gazteen kontrako epaiketa

Ubane Madera 2018ko urt. 9a, 18:50

Inputatuek goizean atera duten argazkia.

Gaur hasi eta gaur bukatu da Euskal Herriko 50 gazteren, tartean hiru soraluzetarren, kontrako epaiketa, Madrilgo Auzitegi  Probintzialean. Desordena publikoaz akusatuta zeuden guztiak, ustez, beste epaiketa batean eragindako desordenarengatik. Sententziaren zain dago, bada, urtarrilaren 15era bitarteko epea zuen epaiketa-aldia , bada.

Uste baino dezente laburragoa izan da 50 gazteen kontrako epaiketa. Bost lanegunetako epea zuen ezarrita epaiketak, urtarrilaren 15era bitartekoa, hain justu. Baina gaur hasi eta gaur bukatu da.

Inputatuek, tartean hiru soraluzetarrek, bakarrik defentsako abokatuen galderei erantzun diete.

Salaketa egitea

Oro har, ekintza egin zutenek ekintza egiteko arrazoiak esplikatu dituzte. Hain zuzen ere, ekintza hura (2015ean egindakoa) izan zen beste gazte batzuen atxiloketak salatzeko ekintza, haien aldeko kamisetak erakutsi zituzten epailearen aurrean, hain justu. Eta haien defentsa oinarritu da haren guztiaren “arrazoia izan zela salaketa egitea, desordena eta errespetu falta eragitea baino”.

Orduko epaiketan publikoan egonda kaleratu zituztenek esplikatu dute, berriz, eurek ez zekitela ezer egingo zenik esan, eta eurek ez zutela ezer egin.

Erresistentzia barik

Fiskaltzari dagokionez, hiru lekuko eraman dituzte: AVTren abokatua eta bi polizia nazional. Eta azken horiek ez dute xehetasun argirik eman inputazioei begira: “Orokorkeriak bota dituzte, baina abokatuen galderei erantzuterako orduan, ez dira gauza izan xehetasunekin erantzuteko, eta gainera, gauza batzuk gure alde atera dira, adibidez, apenas erresistentziarik jarri genuela epaitegitik ateratzeko orduan eta batek esan du modu baketsuan atera ginela”, jakinarazi dute soraluzetarrek.

Hortik aparte, kontatu dutenez, bi bideo ipini dituzte, Soraluzeko inputatuen esanetan, ezer gutxi erakusten zutenak, ez baitzegoen ezer erakusteko.

"Zentzugabekeria"

Oro har, bada, epaiketa amaituta inputatuen inpresioa da uste dutela “oso ondo defendatu” dituztela, “baina halako kasuetan ez dakizu zer gerta daitekeen”, gaineratu dute. Defentsak azpimarratu du, baita ere,  “horren larria den zerbait” gertatu izan balitz, “beste neurri batzuk hartuko zituztela momentuan, neurri gogorragoak”. “Ikusten da salaketa bat egin zela, baina hortik 50 lagunek zerbait egin zutela esatea ezinezkoa dela”, gaineratu dute.

Inputatuek epaiketa hasi aurretik oharra kaleratu dute. Orokorrean, salatu dute epaiketa hau  “zentzugabekeria” dela. “Noren buruan sar daiteke kamiseta batzuk erakusteagatik, edo besterik gabe, lagunei elkartasuna adierazteko epaitegian bertan egoteagatik norbait auzipetzea? 50 lagun auzipetzea?”, galdegiten dute. Uste dute “epaiketa politikoa” dela, eta kamisetak erakustearen “keinu sinboliko hori” nahikoa izan zela 8 akusatuak zein elkartasuna adieraztera joan ziren lagun guztiak desordena delitu baten aitzakiapean auzipetzeko”. 

Erlazionatuak