Izan ere, eguraldi kaskarrak galarazi egin zuen berezko inaugurazio ekitaldia, parkean bertan egitekoa zena.
Elizpea gainezka
Hori horrela, ekitaldia elizpera lekualdatu eta bertara iristerako, Porrotxek zain zituen neska-mutiko eta guraso mordoa, eskaileretan eta bazterretan zutik zein lurrean eserita. Hark, ohikoak dituen pailazokeriak eta bihurrikeriak egin zituen, magiaz tartekatuta, barre ederrak eraginez bertaratutakoen artean. Kantuan eta dantzan ere majo ibili ziren.
Saioaren tartetxo batean, Jolasan Estaziñoan izeneko parte-hartze prozesua gauzatu dutenen ordezkariek (Soraluzeko Udala eta Kukumixo Aisialdi Taldea, Herriko Hezkuntza Proiektuaren barruan) parke berriaren gaineko ezaugarriak jakinarazi zituzten.
Elementu naturalak oinarri
Izan ere, ez ohikoa da Estazioan eraiki den parkea, orain artean zeudenetatik oso bestelakoa. Elementu naturalek (enborrak, harriak, harea, belarra...) eta egurrean egindako egiturek garrantzia berezia dute, haurren irudimenari bide ematen dion jolas-eredu berria sustatzeko helburuarekin. Parkea Azpeitiko Kimu Bat enpresak eraiki du eta 42.618,62 euroko kostua izan du.
Hori guztion artean egin dela azpimarratuz eta auzolana balioan jarriz, parkea errespetuz eta batez ere, irudimen handiz gozatzeko gonbita egin zuten guztiek ere.
Zinta mozketa
Inaugurazioetan ohi den moduan, atzokoan ere egin zuten zinta mozketa. Ludotekako hainbat neska-mutiko taularatu ziren, Porrotxen ondoan, zinta mozteko. Zinta bera ere berezia zen, guztien artean marraztu eta margotutakoa.
Ekitaldia bukatuta, Porrotxek pazientzia eta adeitasun handiz artatu zituen gerturatu zitzaizkion plazentziatar guztiak, eurekin argazkiak edo bideoak ateraz, eta baita autografoak sinatuz ere.
Aurrerantzean bada, zabalik eta erabilgarri da Estaziñoko parkea. Eguraldia lagun izatea besterik ez da falta, hartaz guztiz gozatzeko.