Ordutegi aldaketa, goizeko lehen autobusean

Ubane Madera 2018ko urt. 29a, 12:01

Autobusa Estaziñoko geltokira ailegatzen.

Soraluzetar baten gaizki-egonari kasu egin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aldatu egin du Eibarrera doan goizeko lehen autobusaren ordutegia. Otsailaren 1az geroztik, eguenetik, lehengo ordutegira bueltatuko da berau: 06:30ean pasatuko da Soraluzetik.

Gogoan izan beharra dago, urtarrilaren 1ean aldatu egin zituztela Lurraldebuseko autobusen ordutegiak. Eta horren ondorioz, 06:30ean beharrean, 06:45ean zuen ordua Soraluzen goizeko lehen autobusak.

Horrek eragotzi egiten zuen 07:00etarako Eibarren egon ahal izatea. Eta soraluzetar batek kexua helarazi zuen Diputaziora, lantokira garaiz ezin zelako ailegatu.

07:00etarako lantokian

Bada, haiek soraluzetarraren gaizki-egona onartu eta aldatu egin dute lehen orduan pasatzen den autobus horren ordutegia, lehengora bueltatuz; arrazoia da goizean pasatzen den lehen autobusa izanda, ez dagoela bestelako alternatibarik 07:00etarako Eibarren egoteko.

Autobusen gainontzeko ordutegiak, berriz, berdin geratuko dira, hau da, urtarrilaren 1ean ezarritako ordutegiarekin funtzionatzen segituko dute.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.