Liderraren kontra jokatuko du bihar Sorak eta pintxoak doan emango dizkiete ikusle gazteei

Ubane Madera 2018ko urt. 26a, 15:10
Ikusleak harmailetan, Gabonetan.

Sorako gorengo mailako taldeak liderraren kontra, Oñatiko Aloña Mendi taldearen kontra jokatuko du partidua bihar, zapatua, 16:30ean. Ezoziko futbol zelaiko harmailetara ikusleak erakartzeko helburuarekin, gainera, partidua ikustera joaten diren 16 urtetik beherakoei pintxo bana oparituko diete.

Tolosaren kontra 3-2 galdu zuen Sorak aurreko asteburuan, eta orain 6. doa udalerriko futbol taldea sailkapen orokorrean. Beraz, partidu nekeza du Sorak aurrez aurre biharko jardunean.

Gorengo mailakoez aparte, Sorako infantil mailakoek Aretxabaletako UDA B-ren kontra jokatuko dute. Partidu hori ere bihar izango da, 11:45ean, Ezoziko futbol zelaian.

Bukatzeko, Sorako jubenil mailakoek Bergarako taldearen kontra jokatuko du, domekan, Ezoziko futbol zelaian, 16:30ean.