Zazpi urtean 400 abonatu gehiago ditu kiroldegiak

Ubane Madera 2018ko urt. 25a, 10:20

Neska batzuk kiroldegiko ikastaro batean.

Oraingo astean kobratu dituzte Udal kiroldegiko abonu kuotak banketxean helbideratutako kontuei dagokienez; oraindik, altak eta bajak kudeatzen dabiltza. Beraz, urte hasierako bazkide kopuru osoa zehazteke, esan daitekeena da bukatu, behintzat, 939 bazkiderekin bukatu zuela urtea Soraluzeko kiroldegiak. Beste datu aipagarri bat da ikastaroetan 223 herritarrek parte hartzen duela.

 

Ikastaroei dagokienez, hain justu, urte hasieran eta uda partean animatzen da herritar asko ikastaroetan izena ematera. Horien artean arrakasta handiena duen ikastaroa zumba da, arratsaldeetan itxaron zerrenda eta guzti duena. “Modak izaten dira, spinning-a oso indartsu hasi zen orain dela 9 urte, gero jaitsi egin zen pare bat urte dela eta berriro ere indartu da. Pilatesak ere oso ondo funtzionatzen du hasieratik. Hiru talde ditugu, adibidez. Bosuk ere ondo funtzionatzen du…”, jakinarazi Maria Gallastegik, Udaleko kirol teknikariak. Gaur egun 223 pertsona ari dira ikastaro ezberdinetan parte hartzen.

 “Eta Paddle-ak ere oso ondo funtzionatzen du. Dagoen arazo bat da estali bakoa dela. Orain, adibidez, urte guztirako ordua hartuta duten bizpahiru talde badira. Eta 2017an igarri dugu erabilera handiagoa", gaineratu du hark.

Zazpi urtean 400 gehiago

Kiroldegiko bazkide kopuruari dagokionez, berriz, urte hasieraz aparte, uda inguruan ere ematen du izena herritar ugarik. Urte amaierari dagokionez, 939 abonatu zituen kiroldegiak, kopuru historikoa berau, sekula izan duen handiena delako. Izan ere, azken zazpi urteotan ia 400 bazkide gehiago ditu udal kiroldegiak.

Abonatuak igerilekura, gimnasiora eta rokodromora sar daitezke urteko abonua ordainduta; eta gainontzeko ikastaro edo zerbitzuak merkeago eskuratu

Bazkide horien artetik, %48,95 dira neskak eta %51,05 dira mutilak, umeak ere kontuan hartuta.

Ikastaroetan, neskak 

Ikastaroei dagokienez, berriz, gehienak dira neskak, zuzendutako jardueretan %90-edo Gimnasioan, berriz, neskak bai, baina mutilak ere ugari egoten dira. Igerilekuko ikastaroetan, berriz, batez beste 90 neska-mutiko ibiltzen dira urtero.

“Eta bertako eskaintza izan ez arren, hemen ematen da, baita ere, eskola kirolaren barruko Biraka dantza-taldearen eskaintza. Maiatzaren 25ean erakustaldia egingo dute. Iaz hasi ginen horrekin. Eta hemen izena emanda daude 50 bat neska-mutiko. Oso gustura dabiltza. Eta Soraluzeko Pilota Elkarteak ere bertan ematen ditu eskolak”, jakinarazi du udal teknikariak.

10 langile 

BPXPort enpresak kudeatzen du Soraluzeko udal kiroldegia 2010az geroztik, eta beste horrenbesterako esleipena lortu du, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Guztira, BPXPort enpresako 10 bat langilek dihardute bertan lanean, Maria Gallastegi udal teknikariarekin batera.

Bi egunean, 07:00etan

Ordutegiari dagokionez, “astelehenetan eta eguaztenetan 07:00etan ere zabaltzen dugu kiroldegia, eskaerak tarteko. Baina hau ez da herri handia, eta ezin da egunero zabaldu 07:00etan; gastu handia da, ze zabaltzen duzun bitartean soroslea egon behar da. Eguerditan dago itxita ostiraletan, 12:00etatik 15:00etara, ostirala delako jende gutxien ibiltzen den eguna. Eta negu sasoian, orain dela bi urte hasi ginen zapatu arratsaldeetan ere zabaltzen. Abuztuan 15 egunez egoten da zabalik, lehen hilabete guztia itxi egiten zen. Baina nahiko jendek eskatu zuen zabaltzeko, eta jende nahiko etortzen da, gainera. Beste 15 jai-egunak aprobetxatzen dira igerilekua hustu, garbitu eta berriro ere betetzeko”, esplikatu du Maria Gallastegik.