Euskararen aldeko lehiaketako irabazleak eman ditu jakitera Danobat Groupek

Egoitz Unamuno 2017ko abe. 19a, 08:00

Saridunak.

Danobat Group-ek Euskara aldean, erabili lanean lelopean antolatu du euskararen aldeko aurtengo lehiaketa. Kooperatibak lantegiak dituen herrietako lagunek parte hartu zezaketen eta Elgoibarko Esther Lizarriturri eta Saioa Arrieta azkoitiarra izan dira irabazleak.

Internetez hartu behar zen parte DanobatGroupek Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako lehiaketan. "Parte hartzaileek, bide batez, webgunea ezagutu eta Tailerreko Hiztegi Teknikoan kontsultak egin behar izan dituzte erantzuteko", azaldu dute antolatzaileek. Partaide guztien artean bi txartel zozketatu dituzte, Euskal Herriko nekazaritza-etxe batean bi lagunentzako asteburu bateko egonaldi baterako. Kooperatibako arduradunek zehaztu dutenez, parte hartze zabala izan du lehiaketak eta Elgoibarko Esther Lizarriturri eta Saioa Arrieta azkoitiarra izan dira sarituak. 

Danobat Group-eko arduradunen berbetan, kooperatibak konpromiso sendoa du gizartearekin, eta hainbat ekimenekin elkarlanean ari da enpresa jardueraren eremu geografikoan ekonomia soziala sustatzen eta laguntzen, "heziketa eta prestakuntza sozio-kooperatiboa eta profesionala bultzatzen, izaera soziokulturaleko eta asistentzialeko jarduerak bultzatzen eta sustatzen, eta elkartasuna eta interkooperazioa bultzatzen, bai eta ikerketa eta garapena bultzatzen ere, jarduera berriak zein interes bereziko proiektuak babesten dituzten ekimenen alde eginda".