Pentsiodunak haserre eta kezkatuta

Ubane Madera 2018ko urt. 23a, 10:11

Pentsiodunak elkarretaratzean, atzo astelehena, Plaza Berrian.

Bigarren elkarretaratzea egin zuten pentsiodunek atzo eguerdian Plaza Berrian. Euren pentsioetan aurten izango duten igoera txikiarengatik protesta egiteko elkartu ziren. Aurreko astelehenean baino herritar gehiagok bat egin zuten deialdiarekin. Datorren astelehenerako egin diete hirugarren hitzordua. Eta pentsiodunek diote protestan segituko dutela.

Pentsioak %0,25 igoko dituzten bitartean, Kontsumoko Prezio Indizea batez beste %1,4-%1,6 igo da. Zenbakiak argiak dira, bada. Pentsioen igoera ez dator bat oinarrizko produktuen igoerarekin. Eta horrek dakar pentsiodunak geroago eta pobreago izatea, hilabete bukaerara ailegatu ezinda dabiltzalako.

Atera eta ez bueltatu

Hori eta beste salatu zuten Plaza Berrian atzo elkartu ziren pentsiodunek. “Partidu ustel horrek esaten duena da ez dagoela dirurik pentsioetarako. Eta ez dago dirurik kutxan bazegoenean atera eta atera ibili direlako eta ez dutelako bueltatu”, salatu zuen, besteak beste, Isabel Lopez Abaigar herritarrak.

“Atzo bertan irakurtzen genuen prentsan zela Bankiakoak erretiratu ahal ziren 56 urterekin %100a kobratzen. Beste edozein langileri ipinitako baldintza da 67 urterekin erretiratu behar direla, progesiboki eta badago jendea 67 urterekin egoera eskasean dagoela”, adierazi zuen, berriz, Kristina Arizagak.

Lapurretak

“Horrela jarraituz gero, pentsiodunen artean pobrezia gehiago hedatuko da”, salatu zuen, berriz, Iñaki Quintanillak besteak beste. “Protestan jarraituko beharko dugu; bestela eurek lapurretak egin eta egin, eta inork ez du dirurik bueltatzen”, gaineratu zuen Ander Epeldek.  

Protestan segituko dute

Protestan jarraitzeko asmo sendoa erakutsi zuten, oro har, bertaratutakoek. Eta jakinarazi zuten datorren astelehenerako egin dietela hirugarren hitzordua. 12:00etan elkartuko dira Plaza Berrian.