Whatsappez zabaldu dute protestarako deialdia; eta gaur, dei egin dute beste protesta ekimen baterako. Bertan, eskatu dute, pentsioen aurtengo igoeraren berri ematen duen Espainiako ministerioaren gutuna jasotzean, bueltan bidaltzeko.
Igoera "faltsua"
Hain justu ere, Gipuzkoako erretiratuak eta pentsiodunak batzen dituen Duintasuna Elkarteak salatu du Espainiako gobernuak iragarritako igoera hori “faltsua” dela. Izan ere, elkartearen arabera, igoera horrek ez du eraginik pentsiodunengan, egunero kontsumitzen diren oinarrizko produktuen prezioak gehiago handitu direlako.
Izan ere, Espainiako PPren gobernuak berak egindako legeak finkatzen duen gutxieneko kopuruan igo ditu pentsioak 2018. urtean: %0,25, hain zuzen ere. Kontuan izanda Hegoaldean batez besteko pentsioa 1.134 euro dela, hilean 2,83 euro gehiago izango ditu gastatzeko pentsionista batek. Urtean 39,5 euro.
Igoera txiki horrek erosteko ahalmenaren galera ekarriko die pentsionistei, beste urtebetez. INE estatistika institutuak emandako datuen arabera, %1,1 egin dute gora prezioek, %0,25 horretatik oso urrun.
Oro har, Duintasuna elkartetik 1.000 euroko pentsioak aldarrikatzen dituzte erretiratu guztientzako, uste dutelako kopuru hori dela familia batek bizirauteko behar duen gutxienekoa.